Gipuzkoako erresidentziak

Enplegu prekarioarekin amaitzeko hitzarmena eskatuko du ELAk

2025/01/16
Negoziazio berriari hasiera emateko ELAk beste sindikatu eta patronalak urtarrilaren 29rako deitu ditu.

ELAk sektoreko gainerako sindikatu eta patronalei dei egin die urtarrilaren 29an LHKn, negoziazio mahai berri bati ekiteko. Aurreko hitzarmena 2024ko abenduaren 31n iraungi zen. Gutxiengoan sinatutako estatutuz kanpoko akordio bat zen, erosteko ahalmena bermatzen ez zuena eta, Foru Aldundiaren onespenarekin, sektoreko enpleguaren eta zerbitzuaren kalitatearen inboluzioa sendotu zuena.

Hona hemen Gipuzkoako egoitzetako langileen egungo errealitatea:

Plantillaren % 45ek borondatezkoak ez diren lanaldi partzialeko kontratuak ditu. Ondorioz, soldata ez da nahikoa bizitza duina izateko, eta lanaldia osatu ahal izateko, kontziliazioari uko egiten zaio. Adibidez, % 70eko kontratua duen laguntzaile batek 1.260 euroko oinarrizko soldata gordina jasotzen du hilean. Enpresak ordu osagarriak eskaintzen ditu zentroan egon daitezkeen bajak edo bestelako gorabeherak estaltzeko, baina horretarako behar den prestasuna ez da ordaintzen.

Langile eskasiak eta lan erritmo altuek ondorioak dituzte lan osasunean; estresa eta bajak urtetik urtera handitzen doaz, baja tasa % 20 inguruan dago. ELAk premiazkotzat jo du egokitzeko mekanismoak ezartzea, besteak beste, langile zaharrenentzat.

Genero arrakala agerikoa da, bai soldatan, bai enpleguan, bai lan osasunean. ELAk zaintza sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatzen jarraitzen du, eta sektorea publikoa izatea exijitzen du. Berdintasunean oinarritutako zerbitzu duina ez da bateragarria negozioa bakarrik bilatzen duten enpresek sektorea kudeatzearekin.

Gauzak horrela, eta negoziazio berriari begira, ELAk honako hau aldarrikatzen du:

  • Lanaldi osoko kontratuak langile guztientzat
  • Lanaldi murrizketa bizitza eta lana bateragarri egiteko
  • Soldata arrakala ezabatzea
  • Lan osasuna bermatzea: langile adinduentzat neurriak hartzea eta sindikatuetako ordezkariekin adostutako arrisku psikosozialen benetako ebaluak martxan jartzea.