Enplegu saila abuztuaren zain egon liteke dosierrik gatazkatsuenak onartzeko

2009/07/24
Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak susmoa du Enplegu Saila abuztua iritsi zain ote dagoen, gatazkatsu gerta daitezkeen enplegu-dosier batzuk onartzeko.

“Badakigu azken asteetan kontratuak eteteko zenbait dosier aurkeztu dela, eta Gemma Zabaleta buru den sailak ez du horiei buruzko erabakirik hartu. Beldur gara horiek onartzeko ez ote dagoen uztaila amaitu zain, horrela langileen protestak saihestuko direlakoan”.

Villarrealen arabera, hori gerta daitekeelako susmoak izateko arrazoirik badago, eta ondorioz “alarma guztiak piztu dira, batez ere dosierrak onartzearekin batera kaleratzeak etor daitezkeelako”. Hain zuzen, gogoratu du ELAko ordezkariak, enplegua erregulatzeko dosierrak amaituta, kontratuak eteteko espedienteak sartzen hasi dira; arazoa larriagoa da, kontutan izanik kaleratutako langileen langabezia prestazioen zati bat dagoeneko janda dagoela. Eta egoerak okerrera egin dezake, “administrazioa enpresa batzutan gutxiengo sindikalarekin negoziatzen ari delako”.

 

“Hasieran Zabaletak lupaz aztertuko zirela esanagatik, Enplegu saila dosierrak onartzen ari da, are ikuskaritzaren txostenen aurka. Aurreko taldearen irizpide berdinekin jokatzen dute; haiek ere lasai asko jarri zuten administrazioa patronalaren zerbitzura”.

 

Villarrealek esan duenez, “ELAk ez du honelako egoerarik onartuko, eta enpresetan borroka egingo du langileen eskubideen alde”.