enplegu datuak

Enplegua geldialdi seinaleak erakusten hasi da

2024/03/04
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dutenez, langabezia ia ez da murriztu; gainera, gazteen egoerak okerrera egin du berriro.

Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeen kopurua 310 pertsonatan jaitsi zen otsailean. Emakumeen artean, langabezia 90 pertsonatan murriztu zen; horrela, emakume langabeen ehunekoa %58,4ra igo zen, hau da, 23.740 emakume gehiago daude egoera horretan gizonak baino. Bestalde, gazteek emaitza negatiboa izan zuten: langabeziak %3,6 egin zuen gora, aurreko hilean baino 438 langabe gehiagorekin.

Lurraldeka, Nafarroan 374 pertsona gehiago izan ziren. EAEn, berriz, zertxobait jaitsi zen langabezia, eta 684 langabe gutxiagorekin itxi zen hilabetea. Europarekin alderatuta, HEHen langabezia-tasak Europako batez bestekoaren gainetik jarraitzen du; Hego Euskal Herrian tasa % 10,2koa da, eta Europar Batasuneko, berriz, batez bestekoa %6koa.

Otsailean egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak dituzte: prekarioak eta aldi baterakoak. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %74,6 aldi baterakoak izan ziren, hau da, otsailean sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan ziren.

Enpleguak hilabete batzuk daramatza geldirik, eta datu horiek joera hori berresten dute berriz ere. Gainera, aipatzekoa da gazteen egoera txarra eta kontratazio berrien prekarietatea. Horregatik, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, bizi-baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko.