Legegintzako Herri Ekimena enplegua mantentzeko azpikontratetan

2013/12/06
Legegintzako Herri Ekimena enplegua mantentzeko azpikontratetan
ELAk hasiera eman dio Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Gobernuak argitaratzen dituzten baldintza-orri guztietan gizarte-klausulak legez jasotzea helburu duen Legegintzako Herri Ekimenari. Gasteiz eta Iruñeako parlamentuek tramitera onartu ostean, erronka argia da: datozen hilabeteetan Euskal Autonomia Erkidegoan 30.000 eta Nafarroan 7.000 sinadura lortzea gutxinez. Gaur eguerdian aurkeztu du ekimena ELAk Bilbon.

Legegintzako herri-ekimen honen bidez administrazio publikoetarako lan egiten duten azpikontratetako langileen lan-baldintzak hobetu nahi da. Izan ere, azken urteetako erreforma ezberdinek nabarmen kaltetu dituzte langileen eskubideak, administrazio publikoetarako lan egiten duten azpikontratetako langileak kinka larrian utzirik.

Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiarekin batera, ELAko batzorde eragileko eta federazioetako arduradunak eta hainbat ordezkari sindikal izan dira gaur goizean Bilbon ekimenaren aurkezpenean.

 “Legegintzako herri-ekimen honen bitartez gutxieneko batzuk bermatu nahi ditugu: langile azpikontratatuen subrogazio-eskubidea, enpresa-aldaketak gertatzen direnean; gutxieneko lan- eta soldata-baldintzak; aurreko bi baldintzak edo enpresariak langileekin dituen betebeharrak bete ezean administrazioak enpresarekin duen merkataritza-kontratua amaitutzat jotzea", azaldu du Muñozek.

Mirari Irure, zerbitzuak federazioko idazkari nagusiak, bere aldetik, ekimen honekin administrazio publikoetarako lan egiten dutenek pairatzen dituzten arazo larrienei irtenbide bat eman nahi zaiela adierazu du. "Langile horiek ez dute nahikoa hitzarmen kolektibo on batekin, gainera beren eskubideak baldintza-orrietan jaso behar dituzte eskubideok benetan bermatuta egoteko".