Enpleguaren aldeko manifestazioa Enkarterrietan

2010/11/05
Larunbatean, azaroak 6, Enkarterrietan ematen ari den gainbehera salatzeko eta enpleguaren aldeko politika exijitzeko manifestazioa egingo du ELAk . Gúeñes-eko Udaletxetik abiatuko da arratsaldeko 5tan eta Zallan amaituko da.

ELAren esanetan, enpresak itxita eta erregulazio-espedienteak irekita, enpresetako langile kopurua gutxitua, enplegua behera eta langabezia gora: Hainbestetan errepikatu diren gertaera horiek ilundu egin dute Enkarterriko gaur egungo irudia.

Jarduera-sektore guztietako enplegu-maila jaisten ari da etengabe. Altzarigintzak eta ehungintzak ezin dute iraun; eta paperean, kimikan eta metalurgian oinarrituriko industria-egitura oso ahul dago. Egoera horrek, noski, oso eragin txarra du zerbitzuen sektorean.

Eskualdeak arestian egin duen ibilbide ekonomikoa negargarria da. Aspaldian lanpostu ugariak zituzten enpresak itxi dira apurka-apurka, eta gainbehera ekonomikoa ez da gelditu.

Egitura-izaerako egintza horien aurrean, ELAren iritziz, herri-administrazioek, industria sustatzeko eta egiturak berrantolatzeko bultzatu dituzten politikak oso eragin laburrekoak izan dira eskualde honetan.

Ezin da onartu, eta iraingarria da, enplegua eta langileen eskubideak defenditzen direla esan eta hauen kontra urte askoan ezagutu diren murrizketarik gogorrenak onartzea. Esaterako, erreforma laborala ekarri duten baiezkoak edo abstentzioak: kaleratzea erraztu eta merkatu egin dute, langileen eskubideak murriztu eta bermeak kendu dizkiete.

Gainera, azpimarratu du ELAk,  ezartzen ari diren murrizteko neurriekin langile-klaseari leporatzen diote karga gehiena, eta ondorioz lanpostuak eta eskubideak galtzen dira. Datorren urteko aurrekontuetan nabarmena da gastuaren jaitsiera, batik bat gizarte arloan, eta honek ere sektorerik ahulenei egiten die kalte. Bistan dago hain aurrekontu antisozialak onartu dituzten horien ardura politiko eta soziala.