Enpleguaren aurkako akordioa Nafarroan

2009/02/11
Mitxel Lakuntza, ELAko koordinatzailearentzat, IV Enplegu Planaren bidez zilegitasuna eman nahi zaio Nafarroako Gobernuaren politika antisozialari, eta estaldura enpresei, egiten ari diren enplegu-suntsipena dela-eta.

ELAk Nafarroan duen koordinatzaile Mitxel Lakuntzak hizpide izan du IV Enplegu Plana, orain dela gutxi sinatu baitute Nafarroako Gobernuak, UGTk, CCOOek eta CENek.

Lakuntzaren iritziz, akordio horren ezaugarri nagusiak oso ezagunak ditugu lehenagotik. Lehendabizi, enplegua eta haren kalitatea benetan hobetzeko diren alderdiak ez dira kontuan hartu (kontratu-iruzurraren aurkako borroka, gastu publikoa handiagotzea, eta abar); eta bigarren, milioika euroren kudeaketa sinatzaileen artean banatu da.

Oraingo akordio hau, aurrekoak bezalaxe, porrot egitera halabeharrez bideratua gertatu da. Horiek guztiak hutsalak izan dira, hutsalak eta alferrak; eta hala ere, behin eta berriz errepikatzen dituzte ezer zuzendu gabe, aurrekoen helburuak inoiz bete ez badira ere.

Gero eta argiago ikus dezakegu Nafarroako enpleguaren hazkundea abagunean gertatu dela, baina ez dira ongialdiaz baliatu sorturiko enplegu hori behar bezala finkatzeko; zeren, hein handi batean bederen, behin-behineko enplegua izan da.

Hala ere, hori ez da eragozpena izan 1.200 milioi euro bideratzeko horrelako akordioetara azken urteotan, lehen enplegu-planetik hona. Bada, kopuru horri 158 milioi gehiago batu behar zaio, Nafarroako Gobernuak urte bakar baterako esleitu duena, Gobernu berak etxebizitzarako bereizten duenaren bikoitza.

Horiek horrela izanik, ELAko sindikalistari lotsagarria iruditzen zaio UGT eta CCOO sindikatuen jarrera, babesa eman baitiete berriz enplegua suntsitzen dutenei.

Alde batetik, Lakuntzaren esanetan, Nafarroako Gobernua, bere politika antisozialetik jarraiki, bakarra izan da, Estatuko gobernuen artetik, krisiari aurre egitearren 2009ko aurrekontuetan gastu publikoa murriztu duena, eta ia EEE (ERE) guztiak arinkeria osoz onartu dituena.

Bestaldetik, erregulazio-espedienteez baliatuz enplegua suntsitzen ari den patronal horren mesedetan egin du Foru Gobernuak; eta patronal horrek, aldeko trataera ikusita, orain gehiago eskatzen dio, orain kaleratzeak nahierara egin ahal izateaz gain, doakoa ere izateko eskatzen dio.

ELAko arduradun horren ustez, “enplegu-plan horrek ez du balio enplegua sortzeko”, haiek ere aitortu dutenez, baina guk are gehiago esango dugu, enplegu-kontrakoa ere badela esatera ausartzen gara; ikusi besterik ez dago azken hilabeteotan sinatzaileek burutu dituzten praktikak nolakoak izan diren. Eta errealitatea ezin da ezkutatu propaganda hutseko kanpainen azpian, edota eraginik gabeko IV Enplegu Plan honen azpian.

Irtenbidea bilatzen hasteko —dio Lakuntzak—, oraingo ekonomia-eredua, eta baita gizarte-eredua ere, aldatu behar dira; eta horretarako, behar-beharrezkoa da, ELAren ikuspuntutik, langileak mugiaraztea, arazoaren muinaz jabetzeko eta beren burua antolatzeko.