Enpleguaren egoera ez konpontzeak prekarietatea eta pobrezia handitzea dakar

2014/03/04
Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur argitaratu dituen datuen arabera Hego Euskal Herrian (HEH) 229.118 pertsona izan dira langabezian otsailean, urtarrilean baino 1.784 gehiago eta duela urte bete baino 5.412 gutxiago.

Langabezian izena emandakoen kopurua azken urtean jaitsi izanak ez du suposatzen enplegua sortu denik. Hau jendeak lana bilatzerako orduan duen itxaropen ezagatik eta askok eta askok langabezia saria jasotzeko eskubiderik ez dutenez, langabezia zerrendetan ez dutelako izenik ematen gertatzen da.

Langabezia tasa %17,7koa da, hau da, EB-28ko bataz bestekoa baino 6,9 puntu altuagoa (%10,8koa izan da urtarrilean), eta soilik Kroaziak, Espainiar Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa altuagoa.

Enpleguari buruzko datuek ez dute inondik inora hobekuntzarik erakusten. Are gehiago, prekarietatea gero eta handiagoa da lana dutenen artean, eta lanik ez daukatenen babes sozial ezaren egoera gero eta larriagoa da.

Hau honela, 2014ko lehen bi hilabeteetan sinaturiko kontratuen %92,9a behin behinekoa izan da (2013an baino puntu bat gehiago). Eta langabetuen %47,7ak ez du inolako prestaziorik jasotzen, 2013ko epe berean baino 4,1 puntu gehiago. Gainera kotizaziopeko prestazioa jasotzen dutenak (%31,4), %4,3 gutxiago dira.

Oso larria da egoera honen aurrean irakurketa positiboa egin nahi duten politikariak izatea. Honek murrizketen eta doitzeen politikari hauek gizartearengandik duten urruntasuna erakusten du, eta hauen interesak eliteko ekonomien interes berberak direla.

Pobrezia eta prekarietatea handituz doaz HEHan, eta bakarrik antolakuntzak eta borrokak lortuko dute egoera honetara eraman gaituzten politikak aldatzea.