Enpleguaren egoerak pandemiaren aurrekoa baino okerragoa izaten jarraitzen du

Inkestaren arabera, 134.400 pertsona daude langabe egoeran, aurreko hiruhilekoan baino 12.800 gutxiago (-% 8,7). Horrela, langabezia-tasak behera egin du eta % 10,1ean kokatzen da HEHn ( % 10,3 Nafarroan eta % 10 EAEn). Hala ere, gogora dezagun iazko lehen hiruhilekoan 115.400 langabe zeudela, hau da, gaur egun 19.000 pertsona gehiago daude langabezian.
Pertsona landunen kopuruak gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (12.700 gehiago), eta enpleguaren igoerak sektore guztietan izan du eragina, eraikuntzan izan ezik. Hala ere, langabeekin gertatzen den gauza bera gertatzen da. Pandemia hasi aurreko mailara iristeko, 16.500 pertsona gehiago egon beharko lirateke lanean. Kopuru hori handiagoa izango zen industriaren sektorean izan den okupazioaren igoeragatik izan ez balitz; izan ere, industrian % 7,3ko igoera eman da 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Nabarmentzekoa da gazteen egoera; izan ere, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) emandako datuek erakusten dute zifren hobekuntzak ez diela batere eragin. Langabezia-tasa % 37,8koa da EAEn eta % 26koa Nafarroan. Europar Batasunarekiko alderaketak (tasa % 18,7koa da) Hego Euskal Herrian dagoen egoera txarra egiaztatzen du.