Enpleguaren Euskal Kontseilaren aurkako protesta

2004/09/12

Bihar, hilak 14, goizeko hamiaketan ELA, LAB, ESK eta ESTEE-EILAS sindikatuetako milaka ordezkari elkartuko da Lakuan Enpleguaren Euskal Kontseilua osaketaren aurka protestatzeko. Ekitaldi honetan parte hartuko dute Jose Elorrieta eta Rafa Díez Usabiaga, ELA eta Lab sindikatuetako idazkari nagusiak.

ELA eta LABen adierazpena Enpleguaren Euskal Kontseilua dela-ta.
Enpleguari eta prestakuntzari buruzko eskumenen egungo egoera oso larria da: Euskal erakundeek ez daukate enpleguari eta lanerako prestakuntzari dagokion eskumen arauemailerik.
· Espainiako Gobernuak 25 urteotan kudeaketaren inguruko eskumenak era egokian emateari uko egin dio.
· Euskal erakundeek eskumen gabezia hori ez dute aintzat hartu, ez eta estatuari aurre egiteko jarrera politiko egokirik hartu ere; gainera, plan izena merezi ez duten ekimenak hasi dituzte (Langai, Lanbide,...), enplegua bezain gai garrantzitsuan zerbait egiten ari direnaren itxura eman nahian.

ELAk eta LABek egoera hau salatu izan dugu, esaterako, 2003-2006 Enplegu Planari buruz egin genuen epai kritikoa eginez; plan hura ez genuen ontzat eman, irizpide europarrei era akritikoan jarraitu eta zeuden baliabideak berrantolatu besterik ez baitzuen egiten. Plan hark ez zuen geure buruari enplegu-politika aktibo eta pasiboak emateko premiazko beharrizana ukitzen, eta ez zeukan enpleguaren eta gizarte-babesaren alorrean ahalmen arau-emaile osoak lortzeko asmorik ere.

Plan haren baitan aipatzen zen Enpleguaren Euskal Kontseiluaren sorrera. Esan beharra dago, lehenik, Enpleguaren Euskal Kontseilua jadanik bazegoela. Alabaina, Confebask patronala ez zegoen harekin ados, eta parte ez hartzea erabaki zuen. Horren ondorioz, hiru urtetan Enpleguaren Euskal Kontseiluaren bilerarik ez zen izan.

Otsailaren bukaera aldera, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzaren Enplegu sailaren asmoen berri izan genuen: Enpleguaren Euskal Kontseilua aldatu nahi zuen, nonbait ugazabak asetze aldera. Luzatu zitzaigun egitasmoari buruz hainbat iritzi eta proposamen adierazi genuen bi sindikatuok. Enplegu sailaren esanetara geunden, bildu nahi izanez gero, baina hark ez zuen horretarako ahaleginik egin.

ELAk eta LABek gure proposamenei emandako erantzunik ez dugu jaso, eta ez digute inolako azalpenik eman. Gero, Eusko Jaurlaritzak ekainaren 15eko bileran dekretu berria onartu zuen; berau aste honetan ezagutu dugu, EAEko boletin ofizialean argitaratu denean.

Enpleguaren Euskal Kontseilua aldatzen duen dekretuari buruz ELAk eta LABek honakoa adierazi nahi dugu:

Dekretuarekin posizio politikoa noraezean geratzen da, eta hau azaltzerik edo zuritzerik ez dago. Kontseiluari eman dizkioten egitekoen arabera, izatez onartu egiten da enpleguaren inguruko eskumen gabezia. Eusko Jaurlaritzak ontzat ematen du ere estatutik ahalmenik ez jasotzea, INEM enpleguaren bitartekaritza zerbitzuan eragile iraunkorra izatea, edota enpleguari eta prestakuntzari buruzko gaiak estatu mailan erabakitzea. Adibidez, dekretuak biltzen dituen funtzioen artean honakoak daude: Erakundeei arauak garatzeko edo Estatuko Enplegu-Zerbitzu Publikoa barne instituzioen arteko koordinaziorako ekimenak proposatu eta ebaluatzea&, edo Sektore-konferentzietan bai gobernu zentralak, bai Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenak aztertu eta ebaluatzea.
Halaber, dekretuak sortzen dituen Lurralde-Kontseiluetako partaide egiten dute estatuko enplegu-zerbitzu publikoaren ordezkari bat. Eusko Jaurlaritzak honelako urratsik egiten duen lehenengo aldia da. Dekretua puntu honekiko ELAk eta LABek jaso genuen zirriborroa baino are okerragoa da. Gure proposamenak ez dira aintzat hartu, baina gainera testuak okerrera egin du.
Bozketa sistemarekin ez gaude ados. Enpleguaren Euskal Kontseilua hiru alderdiko organo bat da (erakundeak, patronala eta sindikatuak daude bertan ordezkatuta). Erakundeen politikak ebaluatu eta proposamenak egingo ditu; horrenbestez, ELA eta LABen iritziz beharrezkoa da, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea edo Lan-Harremanen Kontseiluan bezala, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren iritzia taxutzerakoan bera osatzen duten hiru taldeen arteko adostasunaren emaitza izatea (hots, administrazio, sindikatu eta enpresaburuena). Bestela, administrazioak egiten duena onetsiko duenez beste talde bateko minoria batekin gehiengoak osatzeko aukera legoke. Beraz, beharrezkoa da bozketa sistema jarrera horren isla izatea, aipatutako beste organoetan gertatzen den moduan, eta akordioak talde bakoitzeko gehiengo sinplearen arabera hartzea. ELAk eta LABek proposamen hau ere egin genuen, baina ez digute aintzat hartu.
Lehenago aipatzen ez ziren funtzio berriak sartu dira, esaterako Enpleguari buruzko erakunde arteko itunen ondorioz sortutako Kontzertazio Organoetan gertatzen diren aurrerapenen jarraipena egitea. Hau ez da bat ere argia, eta ELAk eta LABek ez dugu elkarrizketa sozialerako sasi-organoak sortzeko antzezpenean parte hartuko; Enpleguaren Euskal Kontseiluak ez du kontzertazio organo batekin zerikusirik. Tamalgarria da Eusko Jaurlaritzak politika mundutik eta hedabideen aldetik jasaten ari den presioei honelako erantzuna ematen saiatzea. Egiteko hauek ere ez dituzte ELA eta LABekin hitzartu.


Beraz, ELAk eta LABek

uztailaren 12an argitaratu den dekretua errefusatzen dute;
ez dira Enpleguaren Euskal Kontseiluko partaide izango, eta
Kontseilua agiri honetan zehaztu den moduan alda dadila eskatzen dute.