Enpleguaren galera ikaragarria Kutxabanken
ELAtik salatu izan dugun bezala euskal kutxen (Kutxa, Vital eta BBK) bankarizazioaren ondorioen artean langileen baldintzak lorrintzea eta enplegua gutxitzea izango genituzke.
Iragarritako ondorio horiek uste baino lehenago agertu dira: Kutxabanken Zuzendaritzaren inguruko sindikatuek (CCOO, Pixkanaka) urte hasieran izenpetu zuten hitzarmenean jasotako lan-baldintzak txarragoak dira, eta gainera ez zaio mugarik jarri Euskal Autonomia Erkidegoko Kutxabanken enplegu-suntsipenaren zurrunbilo basatiari.
Kutxabankeko buru Fernandez jauna enplegu-murrizketa zorrotza egiten ari da Kutxabanken, ELAtik salatzen genuen bezala. Izan ere, 2011-2013 urte bitartean Kutxabankek 1.032 lanpostu neto galdu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Galera horri gehitu behar diogu 2014ko lehenengo bost hilabeteetan galdutakoa: 74 postu neto.
Hori horrela, Kutxabanken, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan, 1.106 lanpostu suntsitu dituzte hiru urte eta gehixeagoan. Kutxabankek gure herriko enplegua suntsitzen daraman abiada, berez, larria bada; ez dira larritasun gutxiagokoak Zuzendaritzak enplegatuei ezarri dizkien lan egiteko kargak eta erritmoak. Jendeari erantzuteko bulegoetan pertsonalaren falta deigarria da, eta horregatik egunero-egunero egoera zailak bideratu behar dituzte bezeroen eskakizunak direla-eta.
Pertsonalaren murrizketa horiek jasaten dituzten lehenak langileak berak dira, lan-karga handiegien eraginez estres-egoerak agertzen baitira. ELAren interesak oso argiak izan dira beti: Kutxabankeko langileen baldintzak eta enplegua babestea. Horren haritik salatzen jarraituko dugu interes horien aurka doazen ekimen guztiak, dela lan-baldintzak murrizten dituen hitzarmen bat sinatzea, dela Kutxabankeko enplegua suntsitzea.
ELA oinarri horietatik abiatzen den bitartean, Fernandez jaunak Kutxabank pribatizatzeko lanetan dihardu buru-belarri, inbertsore pribatuek eta finantza-arloko “marrazoek” “harrapakin" ederra hartu dezaten, mende oso batean Euskadin hainbeste errotu diren erakundeen ondarea harrapatu dezaten. Gizarte-ekintza ere gainbehera doa ziztu bizian: Bizkaian 2014-2015 ikasturterako lau haur-eskola itxiko direla iragarri dute, eta erretiratuen elkarteetan ordutegiak eta zerbitzuak urrituko dituztela.