Enplegurik gabeko pertsonen egoera gero eta okerragoa da

2014/09/02
Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur argitaratu dituen datuen arabera Hego Euskal Herrian 215.390 pertsona izan dira langabezian abuztuan, uztailean baino 1.250 gehiago eta duela urte bete baino 8.442 gutxiago.

Langabezia tasa %16koa da, hau da, EB-28ko bataz bestekoa baino 5,8 puntu altuagoa (%10,2koa izan da uztailean), eta soilik Kroaziak, Espainiar Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa altuagoa.

Langabezia gutxitzearen zati haundi bat ez da eman enplegua sortu delako. Datuek erakusten dutenez, langabezia zerrendaren gutxitzea Gizarte Segurantzan alta emandakoen kopurua baino altuagoa da. Gainera alta hauetako asko enplegu partzialei dagozkie, eta prekarietate handiko kontratuei (2014an sinaturiko kontratuen %93,7 aldi baterakoa da).

Langabezian daudenek Gobernuen aldetik jasaten duten babes sozial eza izugarria da. Hego Euskal Herrian 107.925 pertsona daude langabezian eta inolako langabezia prestaziorik jaso gabe, guztien %50,4.

Egoera larri honi langabezia prestazioetako gastua azken urtean %22,1 jaitsi dela gehitu behar zaio (24,6 milioi euro gutxiago gastatu dira), langabetu kopurua %3,9 jaitsi den bitartean. Horrela, ia 40 euro jaitsi da bataz besteko kotizaziopeko langabezi saria (ia %5).

Sortzen diren enpleguek gero eta kalitate txarragoa dute, eta langabezian daudenen egoera gero eta okerragoa da. Garbi dago gobernuan daudenen lehentasunak hauteskunde kutsua dutela, eta ez direla behar haundiena dutenei laguntzea. Hau aldatzen ez den bitartean pobreziak eta prekarietateak gora egiten jarraituko du Hego Euskal Herrian.

Soilik enpresetan eta kalean antolatuz eta borrokatuz lortuko dugu kapitalismoaren biktima izaten ari garenon aldeko politikak egitea.