osasunbidea
Enpresa Erakunde Publikoari uko egiteko erabakia beharrezko urratsa da, baina ez nahikoa

Gaurko Mahai Orokorrean, Funtzio Publikoak Estatutu berria negoziatzeko kronograma bat aurkeztu du. Gainera, Osasun Departamentuak jakinarazi du kendu egingo duela Osasunbidea eta NOPLOI enpresa-erakunde publiko bihurtzea.
Bai egutegia bai izaera juridikoaren aldaketa kentzeko konpromisoa sindikatuek apirilaren 9rako greba deitu ondoren iritsi dira. Beraz, ELAren ustez, argi dago mobilizazioak eta grebak beharrezkoak direla Nafarroako Gobernuak erantzun dezan.
Hala ere, sindikatuak uste du bilerak egutegian jartzeko proposamenak ez dakarrela aurrerapausorik aldarrikapenei erantzuteari dagokionez. Bileren maiztasuna eta horietan jorratuko diren gaiak zehazteak ez du esan nahi sindikatuek behin-behinekotasunari edo erosteko ahalmenaren galerari buruz egiten dituzten aldarrikapenak onartuko dituenik. ELAk uste du Gobernuak neurri zehatzak proposatu beharko lituzkeela, elkarrizketarako espazioak sortzera mugatu beharrean.
Enpresa Erakunde Publikoa kentzeari dagokionez, Osasun Departamentuak ez dio uko egin langileen kudeaketa malguagoa izateari, izaera juridikoa aldatzeari baizik. Departamentuak adierazi du hori lortzeko behar diren arau-aldaketak egingo dituela. Ondorioz, izaera juridikoa aldatuta edo aldatu gabe, sindikatuak gogor egingo dio aurka plantillaren baldintzen narriadurari.
Azkenik, ELAk dei egin nahi die foru eta toki administrazioetako langileei apirilaren 9an greba egin dezaten. Nafarroako Gobernua erreakzionatzen hasi da, orain da unea presioa areagotuz lan-baldintzetan aurrera egiteko eta zerbitzu publikoak indartzeko.