IBAITOR (ZORNOTZA)

Enpresa txikia, akordio handia

2025/01/31
Zornotzako Ibaitor enpresan lortutako akordioak agerian uzten du militantzia, antolakuntza eta borrokarekin Enpresa Txiki Ertainetan ere akordio bikainak lor daitezkeela

2023ko abenduak. Zornotzako Ibaitor S.A enpresa. Ibaitor LONTANA Taldeko kidea da, mundu zabaleko 100 herrialdetan jarduera duen eta urtean 550 milioi euro fakturatzen dituen enpresa taldea; hala jasotzen dute euren web orrialdean. Torloju industrialak banatzen eta biltegiratzen ditu, eta guztira 38 langile dihardute bertan. Langile hauei Bizkaiko Metalaren Merkataritzaren hitzarmena aplikatzen zitzaien, 2019tik berritu gabe dagoen hitzarmena. Ibaitor enpresako pare bat langile ELAk Durangon duen egoitzara hurbildu ziren. Euren egoera hobetzeko hainbat galdera, proposamen eta ideia luzatu zituzten. Urtebete pasatxo iraun duen ibilbide baten lehen pausoa izan zen.

Eta, zorionez, ibilbidearen amaiera arrakastatsua izan dela esan genezake. Izan ere, 2024ko abenduan lehen hitzarmen kolektiboa lortu zuten. Akordioak 2024rako %22,7ko soldata igoera, lanaldi murrizketa edo hitzarmena ez aplikatzearen aurkako klausulak jasotzen ditu, besteak beste. Honakoa ibilbide –eta garaipen– honen kronika laburra da.

Asko dira gisa honetako enpresa txiki ertainak Euskal Herrian. Kasu honetan, Ibaitorreko langileek argi erakutsi dute posible dela Enpresa Txiki Ertainetan antolatzea, borrokatzea eta akordio bikainak lortzea. Hala azaltzen du Gotzon Basarasek, Industria eta Eraikuntza federazioak Gernika-Durango eskualdean duen kideak. “Lehendabizi enpresako pare bat langile etorri ziren Durangoko egoitzara. Eurekin bildu eta gero, bide-orri bat landu genuen. Lehen urratsa langileen asanblada egin eta hauteskundeak deitzea izan zen. 2024ko urtarrilean egin zen bozketa, eta ELAk hiru delegatutik hiru lortu zituen. Behin langileen ordezkaritza sindikala lortuta, helburua argi zegoen: lan eta bizi baldintzak hobetuko zituen hitzarmen propioa lortzea”.

“Hauteskundeen ostean hainbat asanblada egin genituen, eta hitzarmen berria lortzeko bide-orria aurkeztu genuen. Hitzarmen berria lortzeko, hau da, lan baldintzak hobetzeko, oinarrizko bi elementu behar genituen: langileak sindikalizatzea eta borrokatzea. Elkar lotuta dauden bi faktore dira, eta horri ekin genion”.

Antolatu, borrokatu... eta irabazi

Behin langileak antolatuta, hurrengo urratsa emateko ordua heldu zen. “2024ko maiatzean idatzi bat bidali genion enpresari. Bertan hitzarmen propioa lortzeko negoziazioak zabaltzeko dei egiten genion, eta hitzarmenean jaso beharreko lan baldintzak igorri genizkion”.

Enpresak, ordea, ezezko borobila eman zuen. Eta, orduan, zer? Hala dio Gotzon Basarasek. “Borrokarako prestatu ginen. Gatazkaren hasieran ELAk lau afiliatu zituen; 2024ko urrian, dagoeneko, 25 ziren. Hilabeteak generamatzan gatazka prestatzen, bagenekien zer egin behar genuen eta langileek ere borroka ondo landua zuten. Helburuak argi genituen, eta horiek lortzeari ekin genion”.

“Negoziazioek hilabeteak zeramatzaten blokeatuta, ez aurrera, ez atzera. Horregatik urriaren 28tik aurrera greba mugagabea deitzea beste aukerarik ez ziguten utzi. Hemeretzi egun egon ginen greban, eta langileen erantzuna erabatekoa izan zen. Ia langile guztiek bat egin zuten deialdiarekin. Enpresak bazekin langileak indartsu zeudela, eta, gainera ELA bezalako sindikatu bat atzean zutela. Egoera ikusirik, azaroaren 15ean enpresak benetako edukiak jarri zituen mahai gainean. Akordiorik ez zegoen, baina benetako negoziazio bat posible egiten zuten edukiak zeuden lehenengoz”.

Enpresak lehenengoz benetako edukiak aurkeztu zituela ikusirik, langileek greba mugagabea utzi eta lehen hitzarmen propioa lortzeko azken txanpari ekin zioten. “Bi aste iraun zuen prozesuak. Azaroaren 29an, greba mugagabea utzi eta 14 egun geroago sinatu genuen akordioa, abenduan erregistratu eta publikatu zena”. Pozik dago Gotzon Basaras lortutako edukiekin, oso pozik. “Hitzarmenak 2024-28 iraunaldia izango du. 2024an soldata taulak eguneratu ziren, igoera %22,7 izan zelarik. Indarraldiaren ondorengo urteetarako, berriz, soldatek KPI+%0,5eko igoera izango dute. Lanaldia ere jaitsiko da, urtean 18 ordutan. Eta, lizentzia eta kontziliazioan onurak ere jasotzen dira. Eta, noski, erreformaren aurkako klausulak, ultraaktibitatea eta hitzarmena ez aplikatzearen aurkako klausulak ere jasotzen dira”.

Gatazka honen balioa goraipatu nahi du Basarasek. “Duela urtebete pasatxo antolatu gabeko enpresa zen. Orain, berriz, langileak antolatuta daude eta euren lan eta bizi baldintzak nabarmen hobetu dira. Etorkizunerako ere antolatu dira, eta ELAk horretarako tresnak eman dizkie. Argi dago enpresa txiki ertainetan akordio bikainak lortu daitezkeela”.

 

AKORDIOAREN GAKOAK

  • Indarraldia: 2024-2028
  • Soldata-igoerak. 2024: % 22,7ko igoerak ekarri dituzten soldata taulen eguneratzea. Indarraldiaren ondorengo urteetarako: KPI + % 0,5,
  • Hitzarmena ez aplikatzearen aurkako klausulak
  • Ultraaktibitate mugagabea
  • 18 orduko lanaldi-murrizketa
  • 2 ordu langileen batzarretan parte hartzeko
  • Egungo oinarrizko soldataren antzinatasuna jasotzea
  • Hobekuntzak lizentzietan eta kontziliazioan
  • Aparteko orduen prezioaren igoera
  • Lehen jasotzen ez zituzten ordainsari desberdinak