Implika
Enpresak Bilboko ehun langile kaleratzeko asmoari eusten dio

Atzo, apirilak 11, izan zen Grupo Implika Educación-ek planteatutako EREaren kontsulta aldiko laugarren bilera. Oraingoan, lehen aldiz egin da Bizkaian, eta bertaratu ziren kontzentrazioa egiteko Bilboko zentroetan greban dauden langileak, kaleratze kolektiboaren aurka agertzeko.
ELAk uste du kontsulta aldian egindako bileretan enpresak ez duela inoiz frogatu kaleratze kolektiboa egiteko arrazoirik. Gainera, konpainiak uko egin dio kontsultaldian ELAk eskatutako informazio garrantzitsua aurkezteari. Sindikatuak negoziaketetan fede txarra izatea leporatu dio zuzendaritzari.
Gainera, ELAk bileretan adierazi du taldeko zuzendaritza Bilboko langileen greba eskubidea urratzen ari dela. Nolanahi ere, ELAk argi dauka apirilaren 14rako aurreikusitako kontsulta aldiko azken bileraren ondoren, enpresak EREa egiteko asmoarekin jarraitzen badu, Bilboko zentroetako grebak aurrera jarraituko duela.