Siemens Gamesa

Enpresak eta sektoreak oro har bizi duten egoera kezkagarria salatu du Parlamentuan ELAk

2023/11/07
Kudeaketa txarrak eta finantza, antolaketa eta estrategia mailan hartutako erabaki okerrek berregituraketa eta kaleratze prozesu ugari ekarri dituzte Siemens Gamesan.

ELA Gamesako Atal Sindikalak euren enpleguen etorkizunari, enpresaren biziraupenari eta sektore osoaren biziraupenari buruz duen erabateko kezka agerian utzi du gaur Nafarroako Parlamentuan.

ELAren ustez, sektore estrategikoa eta funtsezkoa da planeta deskarbonizatzeko, baina, hala eta guztiz ere, fabrikatzaileak eta hornitzaileak oso egoera zailean daude. Siemens Gamesari dagokionez, konpainiaren zuzendaritzaren kudeaketa eskasak eta maila guztietan (finantzarioa, antolaketakoa, estrategikoa...) hartutako erabaki okerrek berregituraketa eta kaleratze prozesu ugari ekarri dituzte. Izan ere, azaroaren 21ean enpresak enplegua suntsitzeko prozesu berri baten berri ematen badu, langileek 2012tik jasaten duten seigarren doikuntza izango litzateke. Kaleratzeen etengabeko mehatxuarekin egoteak ondorio larriak ditu langileen osasunean, eta azken urteetan estresagatiko bajen kasuak izugarri areagotu dira.

Une honetan, zuzeneko 1.800 lanpostu egongo lirateke mehatxupean Nafarroan, eta erkidego hori izango litzateke kaltetuena, 4.800 lanpostu Espainiako estatuan eta kontaezinak diren zeharkako lanpostuak daude kolokan (hornitzaileak, azpikontratak, enpresa laguntzaileak, garabiak, garraioak...).

Sektorearen egoera orokorra arintzen saiatzeko, Europar Batasunak hainbat neurri iragarri zituen urriaren 24an. Europar Batasunaren akordio horrek ezartzeko ahalmen osoa ematen die estatu kideei, egungo egoera lehengoratzeko. Hala ere, ELA Gamesak adierazi du neurri horiek ez daudela inola ere lotuta egungo enpleguari eustearekin edo deslokalizazioak saihestearekin. Neurri horien helburua industria eta tokiko diseinu sarea sendotzea izan behar da.

Honengatik, ELA Gamesak alderdi politiko guztiei eta Nafarroako Gobernuari eskatu die, deskribatutako neurriak enpresei doako dirulaguntzak izan beharrean, erkidegoko sektoreko enpleguari eusteko erabiltzeko. Halaber, sektorearen jarraipena bermatuko duen industria-politika eskatu du.

Azkenik, enpresari ere zuzendu zaizkio. Ez du ezertarako balio Siemens Gamesak bere kontuak hobetzeak egungo zentroetan enplegua suntsituz bada.