Enpresek zerga gutxiago ordaintzen dute

2008/10/16
Mikel Noval ELAko politika fiskaleko arduradunak salatu egin du Eusko Jaurlaritzak eta EAEko ogasunek Ondarearen gaineko Zerga kentzeko adierazi duten asmoa.

Horrela, urtean 180 milioi euro gutxiago bilduko dira zergatan (etxebizitzara bideratzen den gastu osoa adina), eta 1,5 milioi eurotik gorako ondarea aitortzen dutenei urtean 20.000 euroko oparia egingo diete. “Gastu soziala gehitu ordez dirua ematen zaie gehien daukatenei. Honek ere argi adierazten du erakundeak norentzat ari diren lanean”.

Bestalde, Mikel Novalek esan duenez, “aurten Sozietateen gaineko Zergagatik diru gutxiago biltzen ari bada arrazoia ez da enpresak gutxiago irabazten dutela, baizik iaz erabaki zen jaitsiera handia”. Etekinak hazi egin dira, baina enpresek diru gutxiago ordaintzen dute.

 Azkenik, ELAko arduradunak dioenez, “ustezko krisia edozertarako baliatzen da. Sozietateen gaineko Zergan bildutako dirua murriztu izana, eta Ondarearen gaineko Zerga murriztu nahia. Halere, denok dakigu erabaki horiek inondik ere ez dutela egoera konpontzen lagunduko”. Novalen ustez, egoera erabili nahi dute orain arteko moduko politika fiskalarekin jarraitzeko, iruzurra borrokatu ez eta errenta handienen eta kapitalaren mesedetan alegia.