TXINGUDIKO ZERBITZUAK (IRUNGO ETA HONDARRIBIKO URAK ETA HONDAKINAK)
Enpresak negoziazioa aldebakarrez eten du

Gaur beste negoziazio bilera bat egin behar zen Txingudiko Zerbitzuak enpresan (Irungo eta Hondarribiko urak eta hondakinak), baina enpresak alde bakarrez erabaki du bilera bertan behera uztea. Email baten bidez eman du abisua, eta data berririk ez du proposatu. ELAk onartezintzat jo du gertatutakoa, eta langileekiko errespetu falta dela uste du.
ELAren aldarrikapenak dira, besteak beste, azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea, hitzarmenaren indarraldirako KPItik gorako soldata igoerak, plusak, % 100eko bajak osatzea baldintzarik gabe, lanaldia murriztea, hitzarmena aplikatzeko bermeak, ordutegiekin, egutegiekin, baimenekin eta lizentziekin lotutako hobekuntzak, telelana, kategoria baliokideak parekatzea eta azpikontratazioa mugatzea.
ELAk negoziazio zintzoa hasteko eskatu dio enpresari, eta, horretarako, Txingudiko Zerbitzuak enpresako langileak mobilizazioekin hasi dira gaur. Batzarra eta elkarretaratzea egin dute enpresaren aurrean. ELAk ohartarazi du mobilizazioek aurrera jarraituko dutela eta ekainean ere lanuzteak deituko dituztela, enpresaren eta Administrazio Kontseiluaren arteko bileraren egunean.