Enpresek azpikontratetan duten ardura ez dute beren gain hartzen

2015/11/13
Enpresek eta Administrazioak azpikontratatu egiten dute diru gehiago irabazteko, lan-baldintzak okertzeko eta kontratetan gertatzen denaren erantzukizuna saihesteko: esaterako, ukatu egiten dute ardura oro azpikontratazio-kateetan hitzarmenak betetzen ez direnean; kate hauen amaieran langileentzako baldintzak negargarriak izan ohi dira.

Hor kokatzen da Confebaskeko lehendakariak ELAri eman dion erantzuna. Zikotz bere enpresak UTE bat zuen beste hiru enpresarekin batera Gasteizko Udalarentzako lanak egiteko. ELAk salatu zuen UTE horren esanetara zegoen Atlanta Norte azpikontratan gertatzen ari zena: Hitzarmena bete ez eta langileei egunean 10 ordu egin arazten zien, astean sei egunez, ordua 5na euroan.

ELAk sartutako demanda zela eta izan zen adiskidetze ekitaldian Gasteizko Udala eta UTEa osatzen duten enpresak agertu ziren, Confebaskeko burua barne. Guztiek ukatu egin zuten salatutako egoeran inolako ardurarik zutenik. Gero Atlanta enpresak soldatetan zor zen aldea ordaindu zuen (zenbait kasutan 10.000 eurotik gora). Salaketa sindikalik egin ez bagenu gai hau ez zatekeen konponduko.

CONFEBASK: SUBROGAZIOA, “ZENTZUGABEKERIA”

Gogoratu beharra dago Confebaskekin joan den urriaren 6an izandako bileran ELAk patronalari azaldu ziola zergatik aurkeztu zuen legegintza-ekimena (HLE) bana Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan herri-administrazioetako azpikontratetan gutxieneko baldintza batzuk bermatze aldera (hitzarmena aplikatzea, lan-subrogazioa eta araua hausten duten enpresentzako zigorrak). Confebaskek lan-subrogazioa arautzeko asmoa “zentzugabekeria” zela esan zuen. Iritzi hau ulertzekoa da Zikotzen eta beste enpresa askotan gertatzen dena ikusita: patronalak eskuak libre izan nahi ditu lan-baldintzak okertzeko, azpikontrataz aldatzen den aldioro.

Gai honi berari buruz ELAk Eusko Jaurlaritzari galdera egin zion. Enplegu sailburuak bilera batean esan zigun gure asmoa zuzena zela, baina Jaurlaritzako bi sail, Industria eta Ogasuna, aurka zeudela. Halaber, EAJren Legebiltzarreko taldeko kideek esan ziguten helburua ulertzen zutela, baina gure eskaria onartuz gero ezinezkoa izango litzatekeela lehiaketetan lanak hasierako prezioaren azpitik esleitzea. Kontua oso argi dago. Guztiek dakite hartzen dituzten erabakiak azpikontratetako langileen bizkarretik hartzen direla.

Jaurlaritzaren posizioa ere koherentea da bere egintzekin. Hezkuntza sailak ikastetxeetako lanak egiteko eskaintzarik merkeena aukeratzen du (aurrekontua baino %30 merkeago, zenbait kasutan). Sailekoek badakite prezio horretan hitzarmenak ezin direla aplikatu eta gure jendea esplotatu egiten dutela. Hori gertatu da Musikenen, Azkoitiko ikastolan… Hezkuntza sailak, ordea, ukatu egiten du -Confebaskeko buruak bezalaxe- bere ardura denik langile horiek 12 orduz lanean aritzea, orduko 5 euro kobratuz.

Ez da etikoa esplotazioa gertatzeko baldintzak sortzen dituztenek erantzukizuna azpikontratei leporatu nahi izatea. Esplotazioak izen-abizenak ditu, pairatzen duenaren nahiz beraren onura jasotzen duenaren kasuan.

Legebiltzarrean lantzen ari den HLEarekin ELAk lan-eskubideak bermatzeko arauak ezartzea nahi du. Orain arte, EAJk, PPk eta UPyDk ez diote ekimenari babesik eman.