Enpresek lanorduetan txertatzea erraztu behar dute

2021/05/07
Langile gehienek astean zehar egiten dute lan, astelehenetik ostiralera. Osasunbidea eta Osakidetzak txertaketa astelehenetik igandera egitea eskaintzen duten arren, enpresek txertaketa prozesua errazten ez badute ezinezkoa izango da azkartasunez langile guztiak soilik asteburutan txertatzea.

Funtsezko hainbat zerbitzutako langileak txertatu ondoren (oraindik ere hainbat ezinbestekoak izan diren hainbat sektoretako langileak ez dituzte txertatu), orain langile arruntak txertatzeko momentua iritsi da.

ELArentzat Pandemia hau gainditzeko txertaketa masiboak ahal bezain azkar egitea ezinbestekoa da eta, ondorioz, langileen txertaketa erraztea ezinbestekoa izango da, baita ikuspegi ekonomiko batetik ere. Funtsezko langileak txertatzerakoan, hainbatetan arazoak izan dira txertaketa horiek lanordutan egiteko, txertaketa hura lan arrazoiengatik egin bada ere (kasu hauetan langileek ezin izan dute txertaketa ordua aukeratu). ELAk salaketa ezberdinak egin behar izan ditu, zahar-egoitzetan esaterako, txertaketarako beharrezkoa den denbora lanordu moduan hartu dadin.

ELArentzat ulergaitza litzateke egungo egoera pandemikoa gainditzeko ezinbestekoa den txertaketa masiboa aurrera eramateko zailtasunak jartzea. Are gehiago, ELAren ustez txertaketa Langileen Estatutuak aurreikusten duen “nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonala” moduan hartu beharko litzateke. Azken finean, gizarte guztiaren mesedetan egindako ekintza da, baita enpresen funtzionamendu normalizatua berrezartzeko ezinbestekoa.

Esandakoarengatik, ELAk enpresarien elkarteei galdegiten die enpresariei gomendio argia egin diezaietela, langileei lanordutan txertatzeko aukera ematea eta modu horretan txertaketa masiboa azkar egin ahal izango dela bermatzea.