ENPLEGU ZENTRO BEREZIAK

Enpresek miseriazko lan baldintzak nahi dituzte beren langileentzat

2025/05/29
“ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok hirutan egin dute saiakera patronalekin Euskal Autonomi Erkidegorako sektoreko hitzarmen bat negoziatzeko, eta hiruretan ezezkoa jaso dute”. “Patronalek estatuko hitzarmena inposatu nahi diete langile guztiei, eta lan-baldintza horiekin ez dago gure lurraldean pobreziatik kanpoko bizitza bermatzerik.

Aniztasun funtzionala enpresa askorentzat aberasteko bide bat da, batzuetan zuzenean ez-gaitasuna duten langileak kontratatuta diru asko irabazten dutelako eta beste batzuetan enplegu zentru bereziak azpikontrata merkeak direlako dirutza irabazten dituzten enpresentzat. Era berean, administrazioek ez dute bere obligazioa betetzen eta ez dute baldintzarik sortzen desgaitasuna duen langile oro lantoki arrunt batean lanean aritu dadin, beste edozein langileren pareko lan-baldintzekin.


Egoera hau iraultzeko eta enplegu zentru berezietan ari diren langile guztientzako gutxieneko lan- baldintza egokiak lortze aldera, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuak hirutan saiatu dira sektoreko enpresekin negoziaketa irekitzen, baina hiruretan enpresen ordezkariek uko egin diote negoziatzeari. Enpresek adierazitakoaren arabera eroso sentitzen dira estatuko hitzarmeneko lan baldintzekin.


Gogora ekarri beharra dago estatuko lan baldintzen arabera Euskal Autonomi Erkidegoan ez dagoela bizi baldintza duinik izaterik. Are, ustez irabazi asmorik ez duten hainbat enpresa estatuko hitzarmena erabiltzen ari dira EAEn enpresa hitzarmenak dituzten enpresekin dumping argian lehiatzeko. Iruzur sozietarioa erabiltzen ari da ez-gaitasuna duten langileak esplotatzeko, eta enplegu zentru berezi handienek ez dute inongo interesik adierazi hori gure lurraldean arautzeko.


ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuak hurrengo asteetan bilduko dira enpresen ezezkoari aurre egiteko mobilizazioak antolatzeko eta administrazioak zuzenean interpelatzeko. Enplegu Zentru Berezien sektorea ezin da mantendu dirulaguntza publikorik gabe eta, ondorioz, administrazioek zuzeneko esku-hartzea izan behar dute gutxieneko lan baldintza duin batzuk adostu daitezen.