Epaiak kontratua luzatzeko eskubidea aitortu dio langile haurdun bati
ELA sindikatuak lehen unetik eman zion babesa emakume horri, epaitegiaren barruan eta kanpoan, eta atera berri den epaia garrantzi handikoa dela uste du.
Izan ere, epaiak emakume haurdunen eskubideak babesteko oinarria ondo finkaturik utzi du. Legean ezarrita egon arren, praktikan emakume langile asko babes gabezian geratzen ziren, eta behin-behineko kontratuaren amaieran lan-harremanak eteten ziren.
Epaiaren arabera deuseza izan da langilearen kaleratzea, nahiz eta kontratua amaitu eta gero gertatu; zeren frogatutzat jo du kaleratzearen zio bakarra aldi baterako ezintasuna —haurdunaldia— izan dela. Epaian esaten denez, aldi baterako ezintasuna gertatu ezean, kontratua luzatuko zioketen, zalantzarik gabe.
Bestalde, epaiaren bidez Osakidetza beharturik geratu da hurrengo egintza hauek onartzera: utzialdian lan egin ez den denbora benetako zerbitzualdia balitz bezala hartzera, eta langilea kontratatzeko gai izan den denboran jaso ez dituen soldatak berari ordaintzera.
ELAren iritziz herri-administrazioek zorrotz jokatu behar dute, arauak betetzeari dagokionez, beste edozein inguruabarren gainetik legeen espirituari lehentasuna emanez. Oraingo kasu honetan helburu nagusia bi eskubideak uztartzea da: lan egiteko eskubidea eta haurdunaldirako eskubidea.