Epaitegiak Bidasoa ESI-aren mugikortasun dekretua deuseztatu du

2017/03/29
Bidasoa ESIko Zuzendaritzak emandako Mugikortasun Dekretuan ez zen betetzen ezta Osakidetzaren Korporazio Mugikortasun Akordioa bera ere, eta epaitegiak dekretua deuseztatu du negoziazio falta dela-eta. Halaber, ELAk dei egiten dio Bidasoa ESIko Zuzendaritzari agintekeriari uzteko, eta langileen ordezkariak errespetatzeko.

Orain dela egun gutxi Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3 zk.ko Epaitegiak ELAren demanda onetsi du. ELAk auzitara eraman zuen Osakidetza, Bidasoa ESIk argitaraturiko mugikortasun-akordioan Osakidetza osorako irizpideak betetzen ez zirelakoan.

Oraingo epai honek eman dio arrazoia berriro ELAri, Osakidetzak eskubide sozialak urratzeagatik; azken kasuan, fede oneko negoziazioa egiteko eskubidea urratzeagatik.

Epai berri horrek agerian utzi du Osakidetzaren legezkontrakotasuna. Izan ere, Osakidetzak Bidasoa ESIko Zuzendaritzari, barne-mugikortasunaren arloan, ezartzen utzi zion prozeduraren arabera Zuzendaritzak lanpostuak esleituko zituen, horretarako itundurik zegoen prozedura kontuan hartu gabe.

Alde horretatik epaiak argiro esaten du bai Bidasoa ESIren, bai Osakidetzako zuzendari orokorraren ebazpenak zuzenbidearekin bat ez datozela, eta deuseztatu behar direla. Gainera, esaten du Bidasoa ESIren erregulazioa korporazioarena baino murriztaileagoa dela, eta horregatik ez dela onargarria eskubide gutxitze hori.

ELAn pozik agertzen gara epaitegi batek Osakidetzaren Zuzendaritzaren saiakera hori deuseztatzeagatik; barne-mugikortasunaren arloan nahierara egiten eta desegiten ibili nahi baitzuten, horretarako harturik zeuden akordioak eta prozedurak saihestuz.

Halaber, ELAk dei egiten dio Bidasoa ESIko Zuzendaritzari agintekeriari uzteko, eta langileen ordezkariak errespetatzeko. Zuzendaritza hori prekarietate-maila onartezinak sustatzen ari da, eta aldi berean ez du elkarrizketa-biderik irekitzen, kontratazioaren gardentasuna ziurtatzearren, eta pertsonalaren eskubideak, batez ere aldi baterako pertsonalarenak, bermatzearren. Epaiak erakutsi digu aipaturiko jokabide hori zeharo aldatu behar dela.