Elkarreratatze euskarafobia

Epaitegiek berriro ezarri dizkiote mugak euskararen garapenari Erandioko Udalean

2023/12/22
ELA ez dator bat Bilboko epaitegiaren Erandioko Udaleko langile baten hizkuntza eskakizunaren inguruko ebazpenarekin (lanpostu bateko derrigortasun data beharrezkoa ez dela ebatzi du epaitegiak), eta uste du egoera horrek agerian utzi duela bi auziri heltzeko beharra: langileen behin-behinekotasunari eta hizkuntza eskubideei.

Gogoratu dezagun gure udaletako langileen %40 behin-behineko edo bitarteko egoeran egon diren pertsonak, egonkortze prozesuen bidez, kontsolidatzeko bidean daudela; horietako asko iruzurrean, lanpostu estrukturalak betetzen, eta lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizunik gabe. Era berean, urteetako utzikeriaren ondorioz administrazioetan ez dagoela euskarazko zerbitzua gaztelaniazkoaren pare bermatuta, hizkuntza eskubideak sistematikoki zapaltzen direla eta langile publiko euskaldunek, kasu gehienetan, ez dutela euskaraz normaltasunez lan egiterik.

ELA behin-behineko langile horien lanpostuak kontsolidatzeko borrokan da, eta sindikatuak argi du borroka horren bidez herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea ere bermatu behar dela. ELArentzak oso garrantzitsua da bi helburuak kontuan hartzea: orain artean lanean aritu diren langileak kontsolidatzeko aukera izatea, batetik, eta langile publikoek euskara ikasteko ibilbide bat egin behar izatea, horretarako administrazioek behar dituzten baliabideak ezarrita.

Erandioko Udalak aukera izan du egoera honetan dauden pertsonei behar diren baliabideak jartzeko, egungo egoerara iristeko beharrik gabe.

Erakundeek ez dute egoera hori konpontzeko inolako borondaterik eduki. Eusko Jaurlaritzak Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko egindako Dekretuak, ez du arautzen epe jakin batean lanpostu guztiak elebidunak izateko ibilbiderik, ezta hurrengo urteetan langileak euskalduntzeko formazio eta baliabiderik ere. Epe horretan erretiroa hartuko duten milaka langile publikoek aukera ematen dute erabaki traumatikorik hartu gabe erabateko euskalduntzea lortzeko, baina horretarako ausardia politikoa behar da.

Hori esanik, ELAk proposamena egin die Eusko Jaurlaritzari eta Erandioko udalari langile guztiei euskara ere exijitzeko (gaztelania eskatzen zaien neurri berean behintzat). Erretiroa hartzear dauden langileen kasuan derrigortasun data bere erretiro adinarekin bat eginda, eta euskararik ez dakiten beste langileen kasuan euskara ikasteko epeak eta baliabideak ezarrita. Ibilbide hori mugatzea eta gaztelania inposatzea ez dagokio inongo epaitegiri. Azken epaiek ez dituzte behin-behinean urteetan iruzur bidez lanean aritu diren langileak babestu nahi, lanpostu zerrendetan euskarak gaztelaniak besteko garrantzia izatea saihestu nahi dute, eta etorkizunean ere administrazioetako hizkuntza nagusia gaztelania izatea.

ELAk epai euskarafoboei aurre egin behar zaiela argi du eta ausardia politikoa exijitzen du administrazio elebidunak izan ditzagun ibilbide zehatzak ezarri daitezen, LAB eta Kontseiluarekin batera Eusko Jaurlaritzari eskatutako bidean.

Hori guztia kontuan hartuta, elkarretaratzea egingo dute gaur Erandion Berbotsek, ELAk eta LABek. 20:00etan batuko dira Erandiko metroko plazan.