Epaitegiek DHL-Mercedes zigortu du ELAko 113 afiliatu ezinbesteko EBEE batean bidegabeki sartzeagatik

Gertakariak 2020ko martxoan izan ziren; DHLk enpresako egutegia aldatu zuen langileen ordezkariekin adostu gabe. ELAk aldaketaren kontra jo, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileen aldeko ebazpena eman zuen: egutegiaren aldaketak ez zuen balio. Ondorioz, aldaketan sartutako asteko egunak lan egun gisa kontatu behar ziren soldataren ordainerako eta lanorduen zenbaketarako.
Hortik aurrera, ELAko atal sindikalaren aurkako sorgin-ehiza etengabekao izan zen. Horretarako, DHLk era guztietako trikimailuak baliatu zituen: langileei zuzendutako oharretan ELAri kargu hartu zion; atal sindikaleko kideak estutu zituen; lantaldea ELAren aurka jartzeko koakzioa...
Baina okerrena izan zen enpresak epaiari ez ziola men egin, eta ezinbesteko ABEE bat aplikatu zuela. Hau da, espedientearen hasiera data aurreratu, eta gatazkagai izan zen astea ABEE aldian kokatu zuen. Hori egiteko aitzakia gure salaketak hori zekarrela izan zen.
DHL-Mercedeseko ELAren atal sindikalak, aspaldidanik dihardu langileak antolatu eta ahalduntzeko ahaleginean, eta Gasteizko lantegian dagoen prekaritatearen kontra borrokan. Erreferente bihurtu dira, eta horregatik DHLren moduko multinazional erraldoi batek jopuntuan jarri ditu. Atal sindikalaren konpromisoari eta lan onari esker, ordea, erronkari eutsi egin diote.