EPE deialdian Hezkuntza Sailak Mahai Orokorrean hitzarturiko 500 plaza ez dituztela aterako ezkutatu du

2010/12/01
2009ko azaroan, Mahai Orokorreko negoziazioan ELAk honela behartuta, 2010 eta 2012. urteen artean hezkuntzarako 3.600 lanpostu Enplegu Publiko Eskaintzara ateratzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Gezurra da beraz, publikoki azaldu eta sinestarazi nahi diguten moduan, CC.OO eta UGTrekin negoziaturiko erabakia denik. Honekin batera, akordio hartan, erretiroak, heriotzak edota ezintasunak zirela eta hutsik geratzen diren plazak betetzeko beste 1.500 lanpostu (500 urteko) ateratzeko konpromisoa ere hitzartu zen. Honela, urte askotan enplegua egonkortu eta behin-behinekotasuna murrizteko aldarrikapenari erantzun bat ematea ahalbideratzen genuen.

Aurrez, ezkutuan CC.OO. eta UGTrekin negoziatzen ibili ondoren, atzo bertan eman zuen ezagutzera Hezkuntza Sailak ofizialki 2010-11 ikasturterako 1.515 lanpostu aterako dituztela EPEra.

Urte askotan benetako Enplegu Publiko Eskaintzarik gabe egun ondoren, berri ona da albiste hau, baina salatu beharrean gaude hitzarturiko 1.500 lanpostu huts begetatiboak EPEra ez atera eta amortizatzeko asmoa duela Eusko Jaurlaritzak. Horrek ikasturte honetarako eskainiko diren plazetan 500 lanpostu gutxiago egotea esan nahi du. Plaza murrizketa honetan guztiz salagarria gertatzen da CC.OO. eta UGTren babesa eta konplizitatea, izan ere gutxiengoan sinaturiko hitzarmenean bertan uko egin baitzieten Mahai Orokorrean sinaturiko 500 lanpostu hauei.

Horretaz gainera, publiko egin dituzten datuetan tamalgarri eta guztiz salagarria deritzogu, oinarrizko mailetan gainditua zirudien Hizkuntza Eskakizunean inguruko gatazka berriro ere piztu izana. Izan ere, eskaintzen diren lanpostuen artean Haur eta Lehen Hezkuntzako 42 lanpostu eskaintzen baitira 1go Hizkuntza Eskakizunarekin bakarrik eta Bigarren Hezkuntzan beste 11. Hauei Hizkuntza Eskola eta Kontserbatorioetako beste 32 plaza gehitu behar zaizkie, hauek ere 1go Hizkuntza Eskakizunarekin bakarrik, guztira 85 lanpostu euskararen ezagutza egokirik eskatzen ez dutenak. Honek euskararen normalizazio bidean eta eskola euskalduntzeko prozesuan beste oztopo bat suposatzen du, euskalduntze dekretuak larriki urratzen eta argi uzten du Jaurlaritza honek helburu horiek lortzeko duen borondate eskasa.