Gasteizko Udalaren lorezaintza zerbitzua
Erabateko jarraipena Enviserreko greba mugagabearen lehen egunean

Guztira, Gasteizko Udalarentzat lan egiten duten Enviserreko 85 langile daude grebara deituta. Lan baldintzak erabat prekarioak dira, LGSra ozta ozta iristen diren soldatekin eta lanaldi amaigabeekin. Urtean 10.000 euro inguru kobratzen dute udal langileek baino 100 ordu baino gehiago lan eginda.
Azken hilabeteetan, enpresa batzordea, langileen batzarraren babesarekin, hitzarmen propio baten negoziazioa aktibatzen saiatu da. Zuzendaritzak uko egin dio horri, eta astelehen honetan bilera bakarra egin du, ordubete eskasekoa. Bertan, batzordeari greba erretiratzeko eskatu zion, bileren egutegi bat adostearen truke, mahai gainean lan hobekuntzako edukirik jarri gabe.
Duela bi aste, Espazio Publiko eta Auzoetako Saileko zinegotzi delegatu Beatriz Artolazabalek konpromisoa hartu zuen Enviser kontrataren eta Espazio Publikoko Batzordeko plantillaren artean bitartekari lanak egiteko, enpresa-batzordeko kideek esku hartu ondoren. Gaur, bi aste geroago, langileek elkarretaratzea egin dute Batzordearen beste bilera bat egiten ari zirela, Gobernuaren eta zinegotzi delegatuaren gelditasunaren aurrean.
Egoera honen aurrean, langileek greba mugagabea egitea erabaki dute. Grebaren jarraipena % 90 ingurukoa izaten ari da, eta enpresan bi aste eta erdiko antzinatasuna duten langileak eta enpresako arduradunak baino ez dira lanean ari.
Atzo arratsaldean egindako batzar jendetsu batean, langileek mobilizazio egutegi zabal bat adostu zuten, enpresaren eta Udalaren aurrean duten lan-egoera onartezina irudikatzeko, azken hori baita egungo egoeraren erantzule nagusia, eta ez dira geldituko beren lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen hitzarmen propio bat lortu arte.