Bridgestone Basauri

Erabateko jarraipena lehen greba egunean

2025/04/08
Apirilaren 7an hasi zen Bridgestoneko enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia. Beste 2 greba egun deitu dira apirilaren 11rako eta 15erako. ELAk uste du multinazionalaren asmoei aurre egiteko greba mugagabea deitu behar dela.

Apirilaren 1ean, Bridgestonek atal sindikalei jakinarazi zien Basaurin 335 pertsonari eta Puente San Miguelen (Kantabrian) 210i eragingo zien EREa egiteko asmoa zuela. Apirilaren 7an, enpresak dokumentazioa aurkeztu eta kontsulta aldia hasi da, arrazoi produktibo eta organizatiboak argudiatuz. Ez dute arrazoi ekonomikorik argudiatu, multinazionalak milioi askoko irabaziak izan baititu azken urteetan.

Apirilaren 8an izan da grebaren lehen eguna Basaurin eta Kantabrian. Basauriko jarraipena erabatekoa izan da. Beste bi greba egun daude deituta. Nolanahi ere, ELAren ustez, enpresak EREaren bidez egindako erasoaren dimentsioa ikusita, erantzuna hainbestekoa izan behar du. ELAk dagoeneko adierazi du bere konpromisoa eta apustua greba mugagabearen bidetik doala, ERE bidegabe eta neurrigabe hau bertan behera uzteko helburuarekin.

Oraingoz, Basauriko Enpresa Batzordearen gehiengoak greba mugagabearen aukera ez du onartu. Hori dela eta, ELAk defendatzen du Basauriko lantegian batzar orokorra egin behar dela EREaren egoera aztertzeko eta greba mugagabearen deialdia bozkatzeko.