Gasteizko Vitaldent klinika

Erabateko lanuztea lehenengo greba egunean

2024/02/19
Lehen greba eguna dute gaur, otsailak 19, Gasteizko Errioxa kaleko Vitaldent hortz klinikako langileek, eta langile guztiek egin dute bat deialdiarekin. Enpresak lan baldintzak aldatu ditu alde bakarrez, eta hobekuntzei uko egin, irabaziak izanagatik ere. Horregatik erabaki zuten langileek hiru greba egun deitzea.

Grebaren berri izan ondoren, enpresak adierazi du fede ona duela langileekin lan baldintzak hobetzeko hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko. Baina, enpresaren proposamenak ez ditu jasotzen langileen gutxieneko eskaerak.

Sektore horrek ez du hitzarmen kolektiborik, eta langileen estatutua aplikatzen diete. Gainera, oso sektore feminizatua da. Klinika horren kasuan, langile guztiak dira emakumeak, ez kasualitatez. Langileek lan egutegia negoziatzea, 2019tik aurrerako erosahalmena berreskuratzea eta familia eta lanbide arteko kontziliazioa hobetzeko neurriak eskatzen dituzte. Horiek lortu ezean, borrokan jarraitzeko prest daude.