Erabateko lanuztea Tubacexeko hiru lantegietan, kaleratzeen eta lan-murrizketen iragarpenaren aurka

2020/09/17
ELA-Tubacexek oso positibotzat jo du batzorde osoak gaur Aiarako hiru lantegietan deitutako 24 orduko lanuztearen jarraipena, zuzendaritzak gastua 10 milioi euro murrizteko egindako iragarpenari erantzunez, eta horrek 150 lanpostu kentzea ekar lezake. Gaurko lanuzte egunari amaiera emateko, manifestazioa egingo dute, arratsaldeko 7etan, Tubacex-Laudiotik abiatuta, Herriko Plazan amaitu arte.

ELAren ustez, enpresaren jarrera nahasia eta xantaiatsua da; izan ere, uztailean plantak lehiakorrak ez zirela eta irtenbidea 150 pertsona kaleratzea zela esaten zuen bitartean, orain kaleratzeen alternatiba gisa langile guztien soldata nabarmen murriztea proposatzen du: plusak kentzea, soldatak izoztea, lanaldia nabarmen handitzea, onura sozialak murriztea... "Beldurraren eta segurtasun ezaren aukera erabiltzen ari da langileak beldurtzeko eta eskubideen murrizketa bortitza onartzeko", salatu du.
ELAk eta batzorde osoak enpresaren planteamendua baztertu dute, taldearen eta euskal lantegien benetako egoera ekonomikoa ez dagoelako egiaztatuta. Aitzitik, etorkizunerako plan bat eskatu diote zuzendaritzari, lehiakortasuna ezin delako lan-kostuetan oinarritu. "Egoera aprobetxatu nahi dute duela urte eta erdi sinatu genuen hitzarmena hausteko, baina ez dugu onartuko", esan dute.