Eragile politiko, sozial, kultural eta sindikalek "Askatasuna. Konponbide politikoaren alde" manifestua aurkeztu dute, eta Gure Eskuk deitutako manifestaziora deitu

2019/10/17
Ordezkari politiko, sozial eta sindikalek —tartean, Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusiak— eta kultura munduko ordezkariek 'Libertad. Por una solución política' manifestua aurkeztu dute gaur eguerdian Donostiako Kursaalen, Gure Esku herritarren mugimenduak sustatuta.

Manifestu horretan, Kataluniako buruzagi politikoak zigortzen dituen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia gaitzetsi da, eta, aldi berean, urriaren 19an, larunbata, arratsaldeko 17.30etan, Donostian egingo den manifestaziora deitzen dute, "Erreferenduma ez da delitua/Askatasuna" lelopean.

Halaber, Kataluniako buruzagiak zigortu dituen epaiaren aurretik izandako prozesu judiziala bidegabea eta arbitrarioa dela esan ostean, sinatzaileek "kezkaz ikusten dituzte oinarrizko eskubideen kriminalizazioaren zantzuak, hala nola manifestatzeko eskubidea, adierazpen askatasuna, protesta egiteko eskubidea, bozkatzeko eskubidea, autodeterminazio eskubidea eta erabakitzeko eskubidea". Ildo horretan, berretsi dute demokrazian bozkatzea ezin dela delitu izan, konponbidearen parte baizik.

Manifestuak, era berean, salbuespen bideak, judizialak eta errepresiboak alde batera utzi eta elkarrizketaren aldeko apustua egiteko garaia dela defendatzen du. "Elkarrizketaren bidez Kataluniako auzia bideratzeko eta konpontzeko negoziazio politikoari ekiteko unea da".

Azkenik, zigortutako buruzagi politiko katalanen askatasuna eskatzen dute deitzaileek, eta herritarrei dei egiten diete larunbatean Donostian "Erreferenduma ez da delitua /Askatasuna" lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera.