Garbikuntza gipuzkoa

Eraikin eta lokaletako garbikuntzan greba deitu du ELAk maiatzaren 22tik 28ra

2023/05/09
Sektorean 5.000 garbitzaile daude, horietatik %80 lan jardun partzialekin. Patronalek eta erakundeek ez diete erosahalmena bermatu nahi, soldatak txikiegiak izanagatik ere, soldata arrakala areagotuz.

ELA sindikatuak erabaki du Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbikuntzako sektorean greba deitzea lan baldintzak hobetzeko. Izan ere, erabat feminizatutako sektorea da, langileen %90 baino gehiago emakumeak dira, eta horrek esan nahi du prekarietatea nagusi dela soldata txikiekin, lanaldi partzialekin, lan karga handiekin...

Bost urte daramatza sektoreak hitzarmenik gabe, eta erosahalmena %15 galdu dute. Kontuan izan behar da 1.180€ gordineko hileko soldatak dituztela lanaldi osoengatik, eta sektoreko langileen %80k baino gehiagok lanaldi partzialak dituztela. Beraz, hilean 1.000 euro gordin baino gutxiago jasotzen dute gehiengoak. Ez da zaila astean 10 orduko lanaldiak dituzten eta enpresa batean baino gehiagotan lan egiten duten langileekin topo egitea.

Patronalak ez die langileei KPIa bermatu nahi, eta halako baldintzetan, garbikuntzako langileak egiturazko pobretasun sistematikora kondenatzen dituzte.

ELAk urteak daramatza sektoreko langileek pairatzen duten soldata arrakala salatzen. Arrakala hori handituz joan da, gainera, %40.46raino. Horren arrazoia da, hein handi batean, maskulinizatutako sektoreetan ez dela zalantzan jartzen soldata igoerek erosahalmena erreferentzia bezala izan behar dutenik; garbikuntzan, berriz, KPIaren erreferentzia ez da inoiz erreferentzia balioduna izan patronalarentzat.

ELA da sektorean ordezkaritza gehien duen sindikatua, ordezkaritzaren %50 baina gehiago, eta argi dauka bere esku dagoen guztia egingo duela sektoreak lan baldintza duinak eta erosteko ahalmena bermatuko duten soldatak izan ditzan. Funtsezko sektore baten lan baldintzak duintzeko.

Bestetik, bezeroek ere euren gain hartu behar dute euren instalazioetan ematen diren zerbitzuen erantzukizuna. EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata eskatzen duten arduradun politiko horiek dira gero euren udaletan garbikuntzako langileak prekarietatera kondenatzen ari direnak, hileko 1180€ gordineko soldatekin. Propagandaz gaindi, erantzukizun politikoak hartzeko garaia da.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du garaia dela sektorea antolatzeko eta mobilizazioak hasteko. Azken hilabeteotan sektoreko 800 langile baino gehiagorekin egon da sindikatua, 50 batzar baino gehiago egin ditu, eta 10 negoziazio eremu berri baino gehiago zabaldu. Bizi duten prekarizazioa ikusita, grebara jotzea erabaki dute, eta maiatzaren 22tik 28ra deitu dute, honako helburuekin: Gipuzkoako garbikuntzako hitzarmen duin bat lortzeko, langileei erosteko ahalmena bermatuko dien eta prekarietatearekin amaituko duen hitzarmen bat lortzeko.