Eraikuntzan alorrean arduraz aritzea eskatzen du ELAk arazo larriak ekiditeko

2009/02/10
CCOO eraikuntzan sustatzen ari den asaldurari uko egiten dio ELAk, eta ematen den informazioa zorrozki emateko eskatzen du.

Komunikabideetan agertu diren albisteak asaldagarriak direnez, ELAren Eraikuntza Federazioak hurrengo puntu hauek zabaldu nahi ditu:

 1.       CCOOen asmoen gaiztotasuna salatzen dugu; izan ere, haiek diotenez “eraikuntza-arloko langileen artean gizarte-gatazka bat pizteko arriskua dago; atzerriko langileak, batez ere, portugaldarrak, ugari-ugari ekartzen baitituzte”. Horiek bezalako adierazpenak ezkutuko interesen oihartzuna baino ezin dira izan, eta xenofobia sortzeko modukoak dira.

2.        Erreferentziako probintzia-hitzarmena ez aplikatzeko saiakerak ezin zaizkie egotzi bakarrik herrialde jakin bateko enpresei.

3.        Probintzia-hitzarmenak ez badira aplikatzen, ez da langileen erruagatik, ez baitituzte ezagutzen beren eskubideak, edo ezagutu arren, erabili ezinik dabiltza-eta. Ez aplikatzearen erantzukizun osoa dagokie obrak —publikoak zein pribatuak— esleitzen eta sustatzen dituztenei; horiek baitira, kostuak merketzearren, neurririk gabe azpikontratatzen dutenak, eta berdin zaie langileen baldintzak eskasak diren ala ez.

4.       Erantzukizun hori are azpimarragarriagoa da herri-administrazioen kasuan; zeren, obra handiak esleitzen dituztenez, zorrozki betearazi beharko lituzkete indarrean dauden legeak, eta horien barruan probintzia-hitzarmen kolektiboak ere bai; eta aldez aurretik argi eta garbi jasota utzi baldintza-orrietan.

5.        ELAk ez daki langileen arteko tirabirarik gertatu den, baina bai gaitzesten duela hainbesteko garrantzia ematea gertaera bakan bati, eta “gizarte-gatazka” pizteko arriskua dagoela esatea.

6.       Delitu bakarra lan egitea bilatzen dutenak kriminalizatu nahi izatea, eta haien aurkako mobilizazioak bultzatzea erabat gaitzesgarria da ELAren iritziz. Eta hitzarmen kolektiboetan, Bizkaian adibidez, CCOOek eta Patronalak eskubide desberdinak jaso nahi badituzte bertako langileentzat eta atzerritarrentzat, ELA aurka agertuko da.

7.       ELAk probintzia-hitzarmena aplikatu ez izana eta gainerako ez-betetzeak salatuko ditu Lan Ikuskaritzan, eta arretaz eta azkar aritzeko eskatuko die.