Eraikuntzako hitzarmen estatala, berriro ere negargarria eta zentralizazioa areagotzeko asmoz
Aurreakordioaren edukiak negargarriak dira. Sindikatu berdinek CEOEri egin dizkioten proposamenak baino apalagoak dira. 2013ko soldata-taulei %0,6ko igoera aplikatzen diete, hots, eragindako langileen nominan hileko 7 euroko igoera gordina.
Ekonomia bere onera itzultzea modu bidezkoan gerta dadin soldatak igo behar direla esaten da; hau CCOO eta UGTri dagokienez erretorika hutsa da. Aurreakordioko testuan bertan ontzat ematen dute “negoziatzaileek marraztutako ildo zuhur beretik jarraitu beharra dago”.
Gainera, azken testua okerragoa izan daiteke, eta Negoziazio Kolektiboaren zentralizazioa areagotu egiten dute, Hitzarmen Probintzialak mespretxatuz. Hitzez hitz diote “Hitzarmen Probintzialetako soldata-taula guztiak Hitzarmen Estatalean ezarritakoaren arabera egokitu behar dira”. Sekulako hipokrisia erakusten dute sindikatu sinatzaileek: Hego Euskal Herrian esaten dute negoziazio probintzialaren aldekoak direla, baina estatuan sinatzen dituzten hitzarmenek eduki legalez hustu egiten dituzte haiek.
ELAk aurreakordio hau salatu egin du, eta iragarri du sinatzaileen asmoen aurkako lanari eutsi egingo diola Hego Euskal Herrian aplika ez dadin. Bakar-bakarrik austeritatearen, erreforma laboralaren eta sektoreko piraten aurka hasitako ekintzak dira gure aurkezpen-txartela. Horiei buruzko Foru-Arauak edota Herritar Legegintza-Ekimena (Nafarroan onartu eta EAEn eztabaidatzen ari dena) sektoreko lan-baldintzak duintzeko prozesuaren urratsak dira.