Eraikuntzako txartela ez da beharrezkoa izango lan egiteko

2011/11/10
CCOO, UGT eta CEOEk Auzitegi Gorenaren sententzia eta gero egindako aldaketa bertan behera geratu da. Txartela formakuntza egiaztatzeko era bat da bakarrik, baina ez da derrigorrezkoa.

Estatu mailako Eraikuntzako IV Hitzarmen Orokorrak (2007-2011 epealdia) ezarri zuen Eraikuntzako Txartel Profesionala (ETP) beharrezkoa izango zela 2011ko abenduaren 31tik aurrera espainiar estatuan sektore honetan lan egiteko. ETP ematen duen erakunde bakarra Eraikuntzako Fundazio Laborala da; txartela lortzeko langileak gutxienik zortzi orduko prestakuntza ekitaldi bat egin behar du lan segurtasun eta osasunari buruz. Eraikuntzako Fundazio Laborala (EFL) aldebiko erakunde pribatu bat da, baina aurrekontu publikoen ekarpenekin finantziatzen da.  Eraikuntza sektoreko patronalak eta CCOO zein UGT sindikatuek osatzen dute Fundazio hau.

Eraikuntza sektorean lan egiteko ETP derrigorrezkoa dela erabakita, EFLko kideek beren finantziazio iturri bihurtu nahi izan dute ETP lortzeko prozedura. Gainera, eraikuntza sektoreko langileen monopolioa ziurtatu nahi izan dute, hauek kasu askotan beharrezkoa baitzuten CCOO, UGT eta patronalaren egoitzetatik pasatzea txartela eskuratu ahal izateko.

2009ko uztailaren 8an Osalanek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Eraikuntzako Fundazio Laboralarekin; honela Fundazioaren esku jarri zuen bere Eraikuntzako Ikasgela Iraunkorra, EAEko eraikuntzako langileek ETP lortu ahal izateko prestakuntza jaso zezaten. Hitzarmen honen ondorioz Osalanek EFLri dirutza handiak eman zizkion: 380.000 euro 2009an eta 340.000 2010ean, hori guztia Osalanen aurrekontua zeharo moztu den unean.

ELAk auzitegian helegitea sartu zuen eraikuntzako hitzarmen orokorraren aurka eta besteak beste, eskatu zuen lan egiteko ETP derrigorrezkoa izatea bertan behera uztea. Auzitegi Gorenak 2010eko urriaren 27ko epaian aintzat hartu zituen ELAren eskaerak, eta eraikuntzan lan egiteko ETPren derrigorrezko izaera bertan behera utzi zuen.

Ondoren, CCOO, UGT eta sektoreko patronalak, esku artean zeukaten negozioa iraunarazteko, Eraikuntzako IV Hitzarmen Orokorra aldatu zuten, “derrigorrezko izaera” ezabatuz, baina hitzarmenaren gainontzeko edukiak mantenduz, beste puntuen artean, txartela “ezinbestekoa” dela.

ELAk berriro ere helegitea sartu zuen, egindako aldaketa txartelaren beharrezkotasuna mantentzeko amarrua besterik ez zelako eta Auzitegi Gorenaren epaiari iruzur egin nahi ziotelako.

Azkenik, Auzitegi Nazionalean (2011ko azaroak 3, 197/2011 demanda) zera berretsi da: CCOOek, UGTk eta patronalak hitzarmenean egindako aldaketa ilegala dela, Auzitegi Gorenaren sententziaren kontra egin zutelako. Berriro ere argi geratu da ETP langileak prestakuntza duela egiaztatzeko era bat dela, baina ez bakarra. Inondik ere ez da kontratatzeko ezinbesteko habilitazio modu bat, hots, ETPrik ez izatea ez da inor kontraturik gabe uzteko arrazoia izango. ETP ez izatea ere ezin da lan-kontratuak amaitzeko zergatia izan.

Hori guztia dela eta, ELAk honakoa exigitzen du:

1.- Iruzurrean oinarritutako sistema ilegal hau desegin dadila, eta ez dezatela diru publiko gehiago bideratu EFLera, erakunde hau bere kideak finantziatzeko eta CCOOek zein UGTk erakintza sektorean duten ustezko monopolio sindikala blindatzeko erabiltzen baita.

2.- Legez kanpoko sistema hau sortu eta sustatu duten administrazioak, patronalak eta sindikatuek beren gain har dezatela dagokien erantzukizuna. Bereziki, eta EAEri dagokionez, Osalanek txartela finantziatzeko EFLri bideratutako diru funtsak direla eta, beharrezkoa den erantzuna eman behar du.