Erandioko Gestamp Try Out Services enpresaren aldi baterako lan erregulazio espedientea baliogabea izan zela berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

2022/11/03
Epaiak enpresaren argudio guztiak atzera bota eta berretsi du Gestamp Try Out Services (GTO) eta Gestamp Tooling Erandio (GTE) enpresek “enpresa taldea” osatzen dutela eta aldi baterako lan erregulazioa mahai bakar batean negoziatu behar zela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du GTO enpresaren aldi baterako lan erregulazio espedientea baliogabetzat jotzen zuen epaia. Justizia Auzitegi Nagusiak baietsi du GTO eta GTE enpresek enpresa talde bakarra osatzen dutela, eta talde horretako plantillak elkar nahastu direla, 42 langile legez kanpo lagatuta.

Enpresa talde bakarra osatzean, Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du aldi baterako lan erregulazioaren negoziazioa, negoziazio mahai bakar batean eman behar zela (eta ez bi enpresetan, bakoitza bere aldetik), eta, beraz, bi enpresek batera egin behar zutela espediente hori. Horrela egin ez zutenez, Auzitegiak uste du negoziazioan iruzurra egin zela, eta, ondorioz, aldi baterako lan erregulazio espedientea baliogabea dela.