"Erantzun beharreko eraso bortitzak prestatzen ari dira"
Horrek bakarrik axola die. Helburu horretarako erabiltzen dira Europar erakundeak: aginte ekonomikoari interesatzen zaizkion erreforma eta murrizketak burutzen direla bermatzeko. Askatasunaren nahia eta oreka soziala erakutsi zuen garai bateko Europa, gaur egun munduko estatu gaineko eraketa neoliberal eta antisozialena da”. “Neoliberalismo handi honek -adierazi du Muñozek- ez du gaitasunik atzera begiratzeko eta zer nolako txikizio soziala eragiten duen; horregatik erantzun bakarra dago: edo beraiek eta bere diruzalekeria irabazten dute edo bestela guk”.
ELAk oso larritzat jotzen duen gertakari bati buruz aipamena egiten du Muñozek: “kapitalak elite politikoekiko duen kontrola ia alderdi politiko guztiei eragiten die. Politika alternatiboa egiteari uko egin diote eta horrela –de facto- alderdi bakarra dago politika bakarra egiteko Estatu osoan. Honelako politikekin langabeziara eta pobrezia handiagora garamatzatela badakite eta, halere, ez dute desberdintasunik erakusten ekimen politikoan. Itxurazko borroka ideologikoa dago, hauteskunde asmotara mugatzen den hitz jokoan eta egiazko politikan inongo eraginik ez duena”. Bide horretan Muñozek dionez “Monkloako Itun berriak eskatzea gehien sufritzen duen jendeari iruzurra egitea da. Itun horiek egitekotan, PP-ren krisi kudeaketa parametro berdinetan egiteko alderdien arteko blindatzeko helburuari erantzungo diote. Greziara begiratzea besterik ez dago hori frogatzeko”
Muñoz-ek deitoratzen du ”politikan nabarmentzen den itxurakeria. Politika antisozialak ezartzeko Estatuan oinarrizko legeak erabiltzeak zer dakarren jakinik, onartezina da euskal alderdiek erantzukizun instituzionalak ez dituzten eremutan foru-baimena eskatzea eta, bestalde, bere erakundeetan Rajoyk erabakitzen duena betearaztea. Hain larria den egungo abagunea aukera aparta da politika soziala aldarrikatzeko, autogobernua edo subiranotasuna egiazko edukiez hornitzeko. Egun hain premiazkoa den horrek borondate politikoa eta sinesgarritasuna exijitzen du. Agindutakoa ez betetzeak ematen dio bakarrik sinesgarritasuna”.
Muñoz-en esanetan “Abuztua aukerakoa dute gauza gehiago egiteko.Halaxe izan zen 2011ean Zapatero eta Rajoyk Konstituzioa aldatzea adostu zutenean. Beste edozein gastu aurretik, aurrekontu publikoen lehentasuna zorrarekin espekulatzen dutenei ordaintzeko egin zen aldaketa. Egun Rajoyk egiten duen guztia Konstituzioaren erreforma hartatik dator, PP eta PSOE-ren artean adostutako erreformatik hain zuzen. Datozen bi urtetan beste 100.000 miloi euro murriztu behar direla iragartzea, astakeria galanta da”.
Azkenik, Muñoz-ek dio “Irailaren 26ko greba metaturiko ondoeza gizartearen mobilizaziora bideratzeko da eta honela politika behartzeko egin nahi ez duena egitera. Ez dago arrazoirik axolagabetasunerako, ez eta beldurrak gerarazi gaitzan. Jokoan dagoenaren tamainako erantzuna eman behar dugu. Esan daiteke banka eta enpresa handiak salbu- politika honen onuradun bakarrak-, egiazko ekonomian bizi garen gizartearen gainontzeko guztiak deiturik gaudela mobilizazio honetara”.