Erantzun historikoa errealitatetik kanpo dagoen patronal bati

2010/05/28
2010eko maiatzaren 28a beti gogoratuko dute Gipuzkoako metalgileek. Langile gehienek grebarekin bat egin dute, eta argi utzi dute beren eskubideak defenditzeko prest daudela. Gero eta gehiago gizartearentzako arazo bihurtzen ari den patronalaren probokazioari erantzun diote horrela.

Grebaren oihartzuna: Enpresa-batzordea duten enpresetan %90etik gorakoa, 141 enpresa erabat geldirik egon direlarik, eta ETEen %85etik gorakoa. Beraz, greba deialdiak arrakasta handia izan du, eta deituta dauden hurrengo hiru egunetan ere erantzuna antzekoa izango da, baldin eta ADEGIk bere jarrera aldatzen ez badu.

Grebak egundoko eragina izan du, eta enpresetako batzarretan lanuztea egiteko bozketak gehiengo itzelarekin amaitu dira; ADEGIren helburuari -metalgintzako hitzarmenetik 23 artikulu kendu edo aldatzea-, goitik behera uko egin diote. 

ELAren iritziz ADEGIko zuzendaritzak ezinbestean erabat zuzendu behar du bere jarrera, metalgintzako Gipuzkoako enpresen eguneroko martxan arazoa izan ez dadin. Gaur, inoiz baino areago, bestelako patronal bat behar da, eta ez ikurtzat langile-klasearekiko mespretxua duen hau.

Gipuzkoako metalgileak estatu mailako produktibitaterik handiena dute, eta egunero adierazten dute lanerako duten gaitasuna; besterik pentsa daiteke errealitatetik kanpo dauden patronaleko buruzagiez.

Azkenik, ELAk zorionak eman nahi dizkie grebalari guztiei, eraso honi eman dioten erantzunagatik; halaber, Donostian izan den manifestazio handia ere nabarmendu du sindikatuak.