Erantzun zabala izan du Eusko Jaurlaritzan deitutako grebak

2006/05/25

EAEko Administrazio Orokorreko langile funtzionario finkoek eta bitartekoek bi orduko lanuztea burutu dute gaur ELA eta LAB sindikatuek eginiko deialdiari erantzunez. Deialdiak erantzun zabala eta positiboa izan duela azpimarratu behar dugu.

Martxoaren 30ean eginiko lanuztean bezala, langileek Administrazioa erakusten ari den jarrera inposatzailea arbuiatu dute.

Funtzio Publikoko taldea, Idoia Zenarruzabeitia Lehendakariorde buru, lan harremanetan mantentzen ari den jarrera itxia eta inposatzailea gai guztietan agertzen ari da. Administrazioak lanpostuen berrantolaketa eta balorazio berri bat inposatu nahi du, langile gehienen iritziaren aurka; lan-poltsen araudi berriak kalean utziko ditu urteetan aldi baterako lanetan aritu diren dozenaka langile; 2000ko EPEren ebazpen-prozedura kaos hutsa bihurtu da; lan-baldintzen akordioen negoziazioetan ez dira adostasunak biltzen gehiengo sindikalarekin...

Eusko Jaurlaritzak aldatu egin behar du errotik bere langileekiko jarrera. Hori da gaurko lanuztearekin eta orain arte egin ditugun mobilizazioekin exijitzen duguna: lan-harreman demokratikoak, gehiengo sindikalarekiko akordioetan oinarrituta.

Egoeraren jasanezina dela ikusita, ELAk eta LABek, UGTrekin batera, Legebiltzarreko talde guztiekin elkarrizketatuko gara datorren astetik aurrera, egoeraren larritasunaren berri emateko eta Eusko Jaurlaritzan ahal duten neurrian eragin dezatela eskatzeko, Administrazioak, langileok jasaten ari garen politika inposatzailearen ordez, lan harremanak bide demokratikotik bidera ditzan.