ERANTZUTEKO AHALMENA (Astekaria 121, Editoriala)

2003/12/01

"Sozialismo erreala" desagertu zenetik jasaten ari garen erauntsi neoliberalaren aurrean bi jarrera har ditezke, azken Landeian Jose Elorrietak ohartarazten zigun legez. Lehenengo jarrerari, amore ematen duenari alegia, erreparatuko diogu.

Neoliberalismoa geraezina dela uste duten sindikatuek erasoaren indar izugarriaz kikildu, eta aurre egiteko aukera baztertu egiten dute; gehienez ere, bere ertz zorrotzenak leuntzen saiatzen dira.

Aukera honek baditu abantailak: ez da beharrezkoa jokabideak aldatzea. Benetako negoziaziorik izan ez arren, negoziatzeko plantak egiten jarrai dezakete, egunetik egunera arlo soziala murrizten ari den estatuaren kudeatzaile ordezkoa bailiren. Jite honetako sindikatuak ez du, beraz, orain arteko errutinatik aldendu, ez eguneroko jarduna aldatu behar.

Aukera honen bigarren abantaila zein da? Oiloa mahaitik erortzen diren ogi apurrak biltzen dabilen bezala, sindikatu hauek boteretik datozkien laguntzak eta errespetua lortzeko erabiltzen dute euren jarrera otzana. Gure artean Nafarroako UGT eta CCOOena dugu jokabide honen adibiderik garbiena: botere ekonomiko eta politikoarekin aurrez-aurre jarri beharrean, hauek helburu duten gizarte-eredu neoliberal eta autoritarioa ezartzeko laguntzaile zintzo bihurtu dira. Errespetua izatearren borrokari uko egin diote, baina era berean gizartea lokartzen dute, beren burua ederretsi eta kontraesanak estaltzeko ahaleginetan dihardute.

Honek ez du, ordea, langile mugimenduaren ibilbidetik eta ezkerreko ideologiatik ezer: unerik gogorrenetan ere, langileak eta ezkerra jarrera kritikoari eusten saiatu izan dira, itxuraz lorpen txikiak zirenak lortuagatik.

Nafarroan ikusten duguna inoiz behin betiko balitz, berriz, gizartea armarik eta erantzuteko ahalmenik gabe utziko lukete. Horri aurre egitea da, hain zuzen ere, oraintxe egin beharreko borroka.