Erasoan! #EutsiTaTira

2018/03/28
Landeiaren azken aleak Industria eta Eraikuntza federazioak otsailaren 22an Donostian egin zuen jardunaldiaren inguruko erreportaje zabala jaso du. Hona hemen testua, bere osotasunean.

ELAko 1.000 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten otsailaren 22an Industria eta Eraikuntza Federazioak Donostian antolaturiko jardunaldian, 2018ko negoziazio kolektiboaren egoera eta erronkak aztertzeko. Lehenengo eta behin, ekitaldi bat egin zen Atano frontoian; gero, giza kate bat egin zen Anoeta futbol-zelaiaren inguruan, obra publikoan lan egiten dutenen esklabo-baldintzak salatzeko.

Hemendik aurrerako irakurgaia ez da kirol-kronika bat, Unai Martinezek, Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusiak, negoziazio kolektiboaren egoeraz egin zuen analisiaren laburpen bat baizik. Hala ere, ekitaldia non egin den kontuan hartuz, ez da loturarik falta arraunarekin, pilotarekin eta futbolarekin.

Arrauna. Gipuzkoan gaudela, Donostian hain zuzen, arraunaren txokoan, Unai Martinez herrialde horretako patronalak erabili ohi duen metaforaz baliatu zen: “Adegik oso gogokoak ditu itsas metaforak: ‘denok itsasontzi berean goaz’, ‘norantza berean arraun egin behar dugu’, eta enpresak ‘traineruak’ bezalakoak direla diote, eta denok pozaren pozez batera arraunean egin behar dugula... Traineru bitxia hori, non zapalduek eta zapaltzaileek batera egin behar duten arraunean”.

Martinezek, ordea, ez du trainerurik ikusten enpresetan. “Antzekotasunik bilatzekotan, antz handiagoa dugu erromatarren galerekin. Horregatik arraun-aulkietatik jaiki behar gara, eta goiko ganbaretan eroso-eroso bidaiatzen dutenekin eztabaidatu itsasontziaren norantza, eta hitzarmen onen norabidea hartu”.

Pilota. Industria eta Eraikuntzak Atano frontoia aukeratu zuen 2018ko negoziazio kolektiboari hasiera emateko. Hemen esku huskako erronka handiak egin dira. “Patronalak banan-banan hartu nahi gaitu, antolatu gabe, banaka. Ikuspegi kolektiboa ezabatu nahi dute. Esku huska negoziatu nahi dute, langilea eta enpresaria maila berean baleude bezala. Eta sindikatua traba besterik ez da”.

Unai Martinezek egoera honen erronka hartu zuen. “Gure jendea antolatu behar dugu. Horixe da helburua. Zorrotzak izan behar gara. Enpresa bakoitzaren egoera aztertu behar da, eta ordezkariek eta langileek egin beharreko lana taxutu behar dute. Enpresa guztietan, handi, ertain eta txikietan, ezin da egon ELAren atal sindikal edo ordezkari bat planik gabe. ‘Kapitalismo 4.0’ honi hitzarmen onak sinarazteko, jende antolatua behar dugu, borrokarako prest dagoena”.

Futbola. Ekitaldia amaitzeko, giza kate bat egin zen Anoetako futbol zelaiaren inguruan. Horren bidez obra publikoan dauden prekarietatea eta esplotazioa salatu ziren. Futbol ekipo bateko entrenatzailea bailitzan, Unai Martinezek 2018rako taktika azaldu zuen. “Erasoan jokatu behar dugu. Gauza bat ekonomiaren egoera da, eta beste bat langileriaren errealitatea. Orain dela gutxi Bizkaiko Metal Patronalak esan zuen 2017. urtea azpimarragarria izan zela, eta 2018rako aurreikuspenak hobeak zirela. Horrela, ekonomiaren datuak nabarmendu zituzten. Hala ere, 26 urteko langile batek %33 gehiago kobratzen zuen 2008an, 26 urteko langile batek 2018an kobratzen duena baino. Hori ez da halabeharrez gertatu, langile-jendea gero eta pobreagoa izatea patronalak planifikatu du”.

Industria eta Eraikuntzako idazkari nagusiak argi dauka: erasoan. “Aurten inflexio-puntua izan behar da. BPGk %3 igo bada, eta lan-karga handituz badoa, gure txanda da erasoan hasteko. Eduki mamitsuak dituzten hitzarmenak sinatzen ari gara. Hainbeste zapalkuntzaren aurrean gatazka-giroa pizten ari da. Eta 300dik gora enpresatan ari gara negoziatzen. Orain estutu behar dugu. Gurea berreskuratzea erabaki dugu”.

Lokatza, obretatik bulegoetara

Eraikuntzak tarte berezia izan zuen Atanoko ekitaldian. Sektoreko arduradun Luis Fernandezek egoeraren deskribapen gordina egin zuen. “Eraikuntza sektore berezia da federazioaren baitan. Antolakuntza aldetik lan izugarria egin behar izan dugu sektoreko langileen errealitatea ezagutu eta eskuz esku elkarrekin borrokatzeko. Eta prozesu honetan ikusi duguna beldurgarria da, esklabutzaz hitz egin dezakegu: ordua 3 euroren truke astean 6 egunez egunean 12 orduz ziharduten langileak; bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten barrakoiak langilez gainezka; ezkutatzen diren lan istripuak… Gizateriarik gabeko gauzak ikusi ditugu. Esaterako, lanean hildako behargin bat kotxe batean sartu eta mila kilometrotik gorako bidaia egitea bere jatorrizko herrialdera. Horiek dira ikusi ditugunak; pentsa zer ez genuen ikusiko...”

Testuinguru honetan Luis Fernandezek ELAk azken hamarkadan egindako lana goraipatu zuen. “Ez gara geldirik gelditu, ez gara inoiz errenditu, eta gauza asko egin ditugu. Esplotazio kasu ugari eman ditugu argitara; obretako lokatza bulegoetara eraman dugu, denon diruarekin egiten diren obra publikoak kudeatzen dituzten erakundeak kinka larrian jarriz; lan erreformei aurre egiteko Foru Arauak eta Legegintzako Herri Ekimenetan egin dugu lan; lan ikuskaritzan hamaika salaketa jarri ditugu; ugazabek beldurtuta zituzten langileen konfiantza lortuta obra asko sindikalizatzeko gai izan gara; patronalei hitzarmen kolektiboak sistematikoki urratzen zituztela onartzera behartu diegu...”

Baina, egindako lana goraipatu arren, borroka honetan aurrera jarraitzeko beharra aldarrikatu zuen eraikuntzako arduradunak. “Egin dugun guztiak aukera ematen digu 2018ko negoziazio kolektiboan ere erasora jotzeko eraikuntzaren sektorean. Obra publikoaren kopurua handiagoa da orain duela hamarkada bat baino. Hitzarmena betetzea gure lanaren oinarrietako bat izango da. Aukera dugu hitzarmenaren alde borrokatzeko eta egingo dugu. Horretarako greba gure jardueraren erdialdean jarriko dugu. Gatazkarik gabe ez dago hitzarmen onik eta hitzarmenak ez dira betetzen”.

Ekitaldia Donostian izanda, Gipuzkoako obra publiko nagusiak izan zituen ere aztergai. “Deskarga, errauskailua, Txomin Enea, Anoeta... Gipuzkoako eraikuntza-enpresa handi guztiak obra horien atzean daude. Bertako militanteek egina dute hautua: erasora goaz eta lortuko dugu”.