EAE-ko garraio publikoa
Erasoei aurre egiteko neurriak eta bitartekoak eskatzeko eskaera formalak erregistratuko ditu ELAk

Sektorean bizi den egoeraz kezkaturik, ELAko EAEko garraio publikoko ordezkariek (Bilbobus, Metro Bilbao, Euskotren edo Bizkaibus bezalako enpresetako 4.000 langile ordezkatzen dituztenak) lanean jasandako erasoen salaketa mahai gainera ekarri, eta enpresa eta erakundeei erantzukizunez jokatzeko eskatu diete. Hala adierazi dute gaur eskainitako prentsaurrekoan.
Salatu dute euren lanpostuan geroz eta sarriago jasaten dituztela hitzezko erasoak, zein eraso fisiko edo sexualak, eta beraz, lanpostuan bizi duten segurtasun falta kezkagarria dela. Gainera, adierazi dute, tamalez, ELAk orain arte egindako salaketek eta eskaerek ez dutela emaitzarik izan, eta gaur gaurkoz hasierako babesgabetasun egoera berean daudela. Izan ere, unean uneko eta behin-behineko neurriren bat salbu, ez da egiturazko neurririk hartu gertakari hauek saiesteko, eta enpresek eta erakundeek ez dute gai honi heltzeko benetako interesik erakutsi. Are gehiago, Bilbobuseko gautxori zerbitzuan ikuskatzailea kendu ere egin dutela salatu dute.
ELAko ordezkariek argi adierazi dute enpresek eta erakundeek plantillen segurtasuna bermatzeko erantzukizuna dutela, eta behar adina baliabide eta neurri eraginkor jarri behar dituztela egoera larri honi buelta emateko. Horrela, iragarri dute datozen asteetan eskaera formalak erregistratuko dituztela ELAk ordezkaritza duen sektoreko enpresa guztietan. Enpresei eskatuko diete sindikatuekin negozia ditzatela langileen osasuna, eta arrisku larrian jartzen dituzten egoera horiek saihesteko edo minimizatzeko behar diren bitarteko eta neurri zehatzak.
Era berean, erakundeetan idazki bat erregistratuko dutela iragarri dute, horien inplikazioa eskatu eta gai honen bueltan enpresekin modu koordinatuan jardun dezaten. Gainera, sektorean ordezkaritza duten sindikatuekin erronda bat hasiko dute, ekimenarekin bat egin dezaten eta ondorioz elkarrekin protokoloak ezarri eta enpresa bakoitzeko prebentzio neurriak adosteko.
Laneko segurtasuna eta garraio sistema publikoa defendatzeko lanean jarraituko dutela berretsi dute, eta azpimarratu dute babesik gabe lan egitea, prekaritatea ere badela. Neurririk ez hartzea erabaki politiko bat da, langileen egoera okertzeaz gain, zerbitzu publikoak ere kaltetzen dituena.