Eredu sozalairi loturiko Herri Ekimena

2006/03/02

Gaur goizean, Jose Elorrieta, Angel Abalde eta Belen Arrando, ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariek Legebiltzarrean aurkeztu den Herri Ekimen baten berri eman dute Bilbon. Bertan osasungitza, hezkuntza, etxebizitza eta menpekotasunari buruzko neurriak jasotzen dira.

Zer da Legegintzako Herri Ekimen (LHE) bat?

Legegintzan parte hartzeko modu bat da. Hiritarroi lege proposamen bat aurkezteko eta parlamentuan berau izapidetua eta eztabaidatua izateko eskubidea aitortzen digu. Era honetan, edozein arrazoiengatik alderdi politikoek alde batera utzi dituzten eta jende askori interesatzen zaizkion gaien inguruko eztabaida aurrera eramatea inposatzen zaio parlamentuari.
Ikuspegi demokratiko batetik, LHEk hiritarron partehartzea sustatzen du bizitza publikoan, legegintzako ekimenaren eta botere publikoen jardueraren jarraipenaren bitartez.
LHE-ak zenbait betekizun ditu, horien artean nagusiena hiritar kopuru zehatz baten babesa jasotzearena delarik.
Hori dela eta, oso garrantzitsua da LHE honen aldeko sinaduren bilketa ahalik eta zabalena izatea.


Ze helburu du gizarte ereduari buruzko Agirirako Legegintzako Herri Ekimenak?

Geroz eta desberdintasun handiagoak sorrarazten dituzten politika neoliberalen norabidea aldatzeko.
Egia da eskubideen aldarrikapen garrantzitsuenek pertsonen arteko berdintasuna aitortzen dutela. Baina hala ere, ezberdintasunak oso azkar ari dira ugaltzen. Bizitzaren eremu guztietan ematen den merkatuaren inposaketaren, botere publikoek aberastasunaren birbanaketa politikak aurrera ez eramatearen eta pertsonen arteko berdintasuna sustatzeko berme minimoak ez bultzatzearen ondorioa da.

LHE hau sustatzen dugun ELA, ESK eta STEE-EILAS sindukatuok uste dugu elkartasuna ez dela familiaren edo borondate onaren eremuan gelditu behar. Elkartasunak politika soziala oinarritu behar du, aplikatzen ari diren erizpide ekonomizisten berrikuspena ekarriz: gastu publikoen murriztapena, fiskalitate erregresiboa, negozioa izan daiteken edozerren pribatizazioa&
Benetako politika sozial bat aldarrikatzen dugu, pertsonen beharrak aintzat hartzen dituena, erantzunkizun soziala bere gain hartzen duena eta berdintasunerako estrategiak eta elkartasun mekanismoak ezartzeko esku hartzen duena.

LHEak erreklamatzen dituen oinarrizko gizarte-eskubideak

1. behar adinako gizarte-babesa izatekoa.
2. osasun-babesa eta arreta eta zerbitzu sanitario egokiak izatekoa.
3. kalitatezko hezkuntza izatekoa.
4. etxebizitza duin eta egokia izatekoa, jabetzan edo alokairuan.
5. ingurumen osasuntsua izatekoa.
6. lan bat izateko eskubidea.
7. mendekotasun egoeretan zaindua izatekoa.
8. behar adinako familia babesa izatekoa.
9. zerbitzu publikoak euskaraz erabiltzekoa.
10. sorlekuagatik bereizkeriarik ez jasatekoa.
11. txirotasunari aurre egiteko behar adinako oinarrizko errenta eta gizarte premietarako laguntzak izatekoa.



Zein jarduera zehatzak proposatzen ditu LHEak?

LHEak 4 eremu zehatzetan proposatzen ditu jarduerak, zeinak politika neoliberalen eraginak era zuzenagoan pairatzen dituzten hainbat taldeei eskubide sozial garrantzitsu ugari bermatuko dizkie eta bizi baldintzak era adierazgarrian hobetuko dizkie, emakumezkoak, gazteak, etorkinak, ezinduak...

Mendekotasuna

Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako zaintza zerbitzu orokor eta doakoa, bere kasa baliatu ezin daitezkeen pertsonei bere ohiko bizilekuan eskainiko zaiena. (etxez etxeko laguntza, erresidentziak, eguneko zentruak...).


Hezkuntza


0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten familien beharrizanei erantzuteko behar adina plaza publiko bermatzea.
2007. urtetik aurrera, hezkuntza zentru publikoetako irakaskuntzaren doakotasuna eta finantziazioa Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu Orokorren kargura egingo da.
Osasuna

Osasun publikoak bere gain hartuko ditu aho-hortzetako osasuna, oftalmologi arreta eta emakumeek eskatzen dituzten azterketa ginekologikoak.


Etxebizitza


Etxebizitzarako gastu publikoa gaur egungo BPGdaren %0,3tik BPGdaren %2ra handituko da Lege hau indarrean jarri eta hurrengo bost urteko epean..
Etxebizitza publikoen %60 alokairukoak izango dira, eta diru sarrerarik apalenak dituzten pertsonek izango dute lehentasuna.
Babes ofizialeko 20.000 etxebizitza urteko datozen bost urtetan.
Hutsik dauden etxebizitzen parketik 60.000 etxebizitza merkaturatu.
Etxebizitzak finantzatzeko politikaren berrikuspena, gaur egun zergen arintzean oinarritzen dena.

Aholku Batzordea

Gizarte Ereduari buruzko Agiria gauzatzeko hartuko diren neurriez informatzeko eta gizarte-politikaz ekimenak proposatzeko gizartearen partehartzea izango duen Aholku Batzordea eratuko da.