Ermuko Microdeco enpresako langileek lehen greba eguna dute soldata ez ordaintzeagatik

Ermuko Microdeco enpresako langileak greban daude, zuzendaritzak urtarrilean atzeratutako soldatak ordaintzeko egutegia bete ez duelako. Batzordeak hiru greba egun deitu ditu (apirilaren 22an, 28an eta 29an), eta zuzendaritzak soldata horiek nahita ordaintzeari utzi diola salatu du, martxoan aurkeztutako industria plana onartzera behartzeko. Plan horretan, inbertsiogile izan daitezkeenek bi milioi euro jarri eta laguntza publikoen zain dauden bitartean, langileei soldataren % 18 lagatzea eta enpresa-hitzarmenarekin amaitzea eskatzen diete, probintziara igaroz.
Gauzak horrela, lantegiaren etorkizunarekin benetan inplikatzeko eta espekulazioan eta lan-prekarietatean oinarritutako planik ez babesteko eskatu dio batzordeak Industria Sailari. "Administrazioaren benetako inplikazioa eta langileei xantaia egiteari uztea eskatzen dugu, enplegua eta lan-baldintzak bermatuko dituen plan industrial serio bat aurkeztuz".
Ermuko Microdeco enpresako 140 familia baino gehiagok urteak daramatzate egungo zuzendaritzaren eta akziodunen gaitasunik eza pairatzen.