MEMORIA HISTORIKOA

Erorien Monumentua ez eraisteko akordioa itxiera faltsua da frankismoaren biktimen minaren aurrean

2024/11/21
ELAk kritikatu du PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik uko egin diotela Nafarroako ikur faxista handiena deuseztatzeari eta horretarako Maravillas Lambertoren oroitzapena erabili dutela.

ELAren ustez, Iruñeko Erorien Monumentua ez eraisteko PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik lortutako akordioak frankismoaren milaka biktimen oroimena eta saminarentzako itxiera faltsua da. Erabaki inkoherentea da; izan ere, eraikinaren zati batzuk ustez desagertzeak eta beste batzuk ezkutatzeak ez du aldatuko Erorien Monumentuak herritarren artean duen esanahia. Zoritxarrez, errepresio faxistaren ikur izateari ere ez dio utziko, azken 82 urteetan izan den bezala.

Gainera, PSNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen arteko akordioak Maravillas Lambertoren (frankistek bortxatu eta hil zuten Larragako neskatoa) oroitzapena erabiltzen du itun hori sustatzeko. Erabaki hori bereziki kritikagarria da; izan ere, Maravillasen arreba (Josefina Lamberto, hil berri dena) izan zen, hain zuzen ere, eraikina eraistea eskatzeko sinatzaileetako bat.

ELA Gerra Zibilean eta frankismoan errepresaliatutako erakundeen artean dagoen heinean, elkarte memorialisten etsipenarekin eta haserrearekin bat dator, eta azpimarratu du ez direla bukatutzat jo behar eraikina eraisteko bide politikoak eta juridikoak. Gainera, "Nafarroako Gurutzadako Hildakoen Monumentua Eraisteko Manifestuaren" sinatzaile gisa, ELAk eskatu die "erakunde publiko guztiei eta, bereziki, Iruñeko Udalari, Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari eraikuntza hori desagerrarazteko beharrezko jarduketak berehala hasteko [...]. Nola justifikatu geroko belaunaldien aurrean eraikina irautea, nazioarteko legeriak gertaera horiek gizateriaren aurkako krimentzat eta genozidiotzat jotzen dituenean? Era berean -jarraitzen du-, monumentu hori memoria-lekutzat jotzea errefusatzen dugu ".