Eros ahalmenaren galera geroz eta nabarmenagoa da, eta neurri handiagoan eragiten dio baliabide gutxien duen jendeari

2022/06/29
Ekainean prezioak (KPI) %10,2 igo dira. Soldatak, pentsioak eta prestazioak, berriz, askoz gutxiago; beraz, erosteko ahalmenaren galera izugarria da.

ELAren ustez, KPIaren datuak herritarrek egunerokoan bizi dutena islatzen du: ondasun eta zerbitzu gehienen garestitze orokorra. Sindikatuak salatu du diru sarrerak (soldatak, prestazioak, pentsioak, etab.) ez direla erritmo berean igotzen ari. EAEn hitzarmenez ezarritako soldaten igoera % 5,1ekoa izan zen maiatzean; Nafarroan, aldiz, igoera % 3,8koa izan zen. Pentsioen igoera % 3,5ean geratu zen, gauza bera gertatu zen LGSrekin, 2022an % 3,4 bakarrik igo baita, eta baita administrazio publikoen zerbitzura zeuden langileekin ere, horiei % 2ko igoera ezarri baitzitzaien. Beraz, ehuneko horiek guztiak oso urrun daude KPIak markatu duen % 10,2tik.

Ondorioz, erosteko ahalmenaren galera orokorra gertatzen ari da, eta horren ondorioz, langile klasea ere pobretu egiten da. Gainera, testuinguru horretan, baliabide gutxien dituen biztanleriak are kalte handiagoa jasaten du, prezioen gorakadak ez baitu eragin bera biztanle guztiengan. Etxeetako kontsumo ereduak desberdinak dira errentaren arabera. Diru sarrera txikienak dituzten familiek proportzio handiagoa kontsumitzen dute lehen mailako produktuetan, hala nola elikagaietan, alokairuetan, elektrizitatean eta gasean. Hain zuzen ere, talde horiek ari dira igotzen gehien, elikagaiak duela urtebete baino % 11,2 garestiagoak dira, elektrizitatea % 30,2, gasa % 19,4, hidrokarburoak % 33,6 eta erregaia % 86,4 (maiatzeko zifrak).

Baina testuinguru horretan denek ez dute galtzen. Ibex-35eko enpresek 2019an baino % 83 irabazi handiagoak izan zituzten 2021ean, eta azken 5 urteetako batez besteko mozkinak baino % 64 gehiago (2020. urtea kontuan hartu gabe). 2022an ere, Repsolek, esaterako, 1.392 milioiko irabazi garbia izan du urteko lehen hiruhilekoan, urtebete lehenago baino bi aldiz gehiago.