Bizkaiko ostalaritza

Erosahalmena bermatuko duen hitzarmen baten aldeko mobilizazioak deitu dituzte

2024/02/08
ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk manifestaziora deitu dute otsailaren 24rako, KPIaren araberako soldata igoerak, lanaldi murrizketa, ordutegi erregistro telematikoa eta kolektibitateen sektorerako berezko eremua bermatzen dituen hitzarmena eskatzeko.

Bizkaiko ostalaritzaren sektorean mobilizazioak egin diren arren, ostalaritza elkarteak hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitea blokeatzen jarraitzen du, eta langileak pobretzea dakarren proposamen ekonomikoa egitera mugatzen da. Hori guztia ostalaritza sektorea suspertu denean eta establezimenduek okupazio oso handia dutenean.

Hitzarmen honek kolektibitateen sektoreari ere eragiten dio. Sektore horretan gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioekin, lanaldi partzialekin eta lan karga handiarekin. Gipuzkoan, kolektibitateetako langileek Bizkaian baino 80 ordu gutxiago egiten dute lan. Bien bitartean, enpresek eta ostalaritzako federazioak uko egiten diote sektoreko langileentzako Bizkaiko hitzarmena negoziatzeari.

Egoera honen aurrean, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk mobilizazio etapa berri bati ekitea erabaki dute, eta otsailaren 24an, tabernariaren nazioarteko eguna dela eta, 12:30ean, Ostalaritza Elkartearen egoitzatik abiatuta manifestazioa deitu dute.