Bizkaiko Eraikuntzako hitzarmena

Erosahalmena bermatzearen alde mobilizatuko da ELA

2023/05/18
Elkarreratzea egingo dute langileek maiatzaren 26an Bilboko ASCOBI patronalaren aurrean, 12:00etan.

2021. urtean, ASCOBI patronalak, CCOO eta UGTrekin batera, Bizkaiko Eraikuntzan hitzarmen bat sinatu zuen 4 urteko indarraldiarekin, baina soldata igoera 2021 eta 2022 urteetarako bakarrik adostu zuten. ELAk salatu zuen orduan ulergaitza zela hitzarmen bat adostea azken bi urteetako soldata igoerak 0 izanik.

Patronalak uko egin dio orain KPIaren araberako soldata igoerari, eta langileak pobretzen ari dira. Arduragabekeria da milaka langileri eragiten dien hitzarmen probintzial bat iraupen horrekin adostea, soldata igoerak zehaztu gabe.

Bizkaiko eraikuntzan, enpresek etekinak pilatu dituzte azken urteotan. Bestetik, lan baldintzak ez dira sistematikoki betetzen, eta hitzarmena eta lan legeria alde bakarrez inaplikatzen dute. Arau urraketak areagotu egin dira, batez ere, azpikontratetan lan egiten dutenen langieen kasuan (sektoreko zati handi bat), eta gainera urte asko daramatzate lanaldi murrizketarik gabe.

Hori dela eta, ELAko Bizkaiko Eraikuntzako langileen batzarrak mobilizazioekin hastea erabaki du, patronalak eta hitzarmena sinatu duten sindikatuek Bizkaiko Eraikuntzako langileak zein egoeratan utzi dituzten salatzeko. Lehen mobilziazioa ostiralean egingo dituzte, maiatzaren 26an, 12:00etan Bilboko ASCOBI patronalaren atarian.