Eroski zigortu dute grebalariak ordezkatzeagatik

2007/03/14
Nafarroako Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak Eroski taldea zigortu du, abenduan Tuterako Center eta Cityetako supermerkatuetako grebalariei ordezkatzeko legez kanpo sei langile kontratatzeagatik. Epaiak azpimarratzen duenez, "kontratazio horiek legeak esaten duena urratzen du; urraketa hori, gainera, oso larria da".

Aste honetan bertan jakitera eman den epaiak ELAri arrazoia ematen dio. Sindikatu honek salatu zuen Eroskik greban zueden langileak enpresarekin loturarik ez zuten langileengatik ordezkatu zituela, greba lehertzeko asmoarekin.

Eroskiko langileek berriz ere ekingo diete lanuzteei martxoaren 15, 16 eta 17an, hitzarmen kolektiboaren defentsan eta Estatuko hitzarmenaren inposaketaren aurka. Izan ere, langileek azpimarratu nahi dute hitzarmen horrek nabarmen kaltetzen dituela euren lan eskubideak.

Bide batez, langileek Eroskiko zuzendaritzak zabaldutako gezurrak salatu nahi dituzte. Eroskik behin baina gehiagotan adierazi du greban dauden langileei kooperatibistak izateko eskaintza egin diela; langileek, ordea, ez dute inolako proposamenik jaso.

Bestalde, ELAren delegatuak Arrasaten bilduko dira martxoaren 16an, Tuterako langileei elkartasuna adierazteko. Langileen ordezkaritza zabal bat ereArrasatera joango da kontzentraziora.