BANAKETA SEKTOREA
Eroskiko biltegiko langileek greba luzatzea erabaki dute, enpresaren eskaintza eskasa ikusita
Cecosako (Eroskiren produktu ez-galkorren biltegi orokorra kudeatzen duen enpresa azpikontratatua) langileek astelehenean hasitako greba luzatzea erabaki dute batzarrean, enpresak egindako eskaintza eskasa errefusatu ostean.
100 pertsona baino gehiagok hartu dute parte Bilboko Euskadi Plazan egindako elkarretaratzean, eta, ondoren, batzarra egin dute ELAren lokalean, eta berretsi egin dute irmo jarraitzeko erabakia Bizkaiko Elikadura Hitzarmenaren lan baldintzak lortu arte.
Gogoratu behar da 130 langile inguru direla, horietako asko arrazializatuta, Estatuko hitzarmenaren baldintzekin lan egiten dutenak, LGSa kobratuz, gaueko, jaieguneko edo txandakako lana konpentsatzeko plusik gabe. Orain arte, enpresak oso eskaintza eskasak egin ditu (adibidez, atsedenaldiak benetako lan-denboratzat hartzea onartu du gaur).
Hori dela eta, enpresa batzordeak (6 ELA, 3 LAB) datozen egunetan erabakiko du greba zenbat denboraz luzatuko den (oraingoz ostiralera arte dago deituta). Hasteko, langileek protesta egingo dute bihar Abadiñoko Eroskitik (17etan) Durangoko Andra Mari plazaraino (19etan).