Erreferendumaren aldeko 1714 sinadura

2017/09/15
Euskal gehiengo sindikalak eta unibertsitateko irakasle talde txiki batek azken egunotan dei egin du www.activism.com webgunean agertzen den manifestua sinatzera, datorren urriaren 1ean Katalunian izango den erreferendumari babesa emateko. Leloa: U-1ekin BAT (Elkartasuna Kataluniako erreferendumarekiko / Apoyo al referéndum de Catalunya). Talde honen helburua da datozen orduetan 1714 sinadura biltzea, data katalan sinbolikoa erabiliaz, horrela erreferendumaren eta bihar Bilbon izango den mobilizazioaren aldeko kanpaina amaitutzat emateko.

Manifestuak nabarmentzen du erakunde katalan hautetsiek legitimitate demokratikoa dutela Kataluniako herria izan dadin, berariaz adierazita, era bakezko eta zibikoan erabakitzen duena ea nahi duen Katalunia errepublika moduan Estatu independente bat izatea ala ez.

Rajoyren gobernuak, PSOEren eta C’s-en babesa duelarik, erreferendum hori galarazi nahi du, estaturik gabeko nazio baten erabakitzeko eskubidea urratuaz, baina ez kontu legalengatik, baizik demokraziari beldur diolako, esan nahi duen aurrekariagatik eta, batik bat, balizko emaitzagatik.

Manifestuak Kataluniarekiko elkartasun argia adierazteaz gainera bi jarrera deitoratzen ditu: Alde batetik, “hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonik ekintzez erakusteko aukera agertzen den honetan, Estatuak eragindako berme ezaren erantzunkizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza”. Bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza onartezina, “Rajoyen gobernuarekin egindako akordioak PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako”.

Botere politikoak nahierara jo duen eraso judizial eta errepresiboak agerian utzi du botereen banaketa eta eginkizun garantistaren desagerpena, hala Auzitegi Konstituzionalaren aldetik nola botere judizialarenetik. Espainiar estatuak zuen legitimitate apurra hondoratzen ari da Katalunian luzarorako, udal agintari, funtzionario, jendarte zibil eta politikoen aurka egiten ari den oldarraldi polizial eta judizialarekin; izan ere, haiek eskari sozial zabal bat besterik ez dira asetzen ari: herritarrek hautestontzietan beren etorkizuna erabaki nahi dute. Ospatu berri den Diadaren arrakastak borondate hori berretsi du.

Horregatik, manifestuak amaieran babesa ematen dio Gure Esku Dagok demokraziaren eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidea egikaritzearen alde irailaren 16an Bilbon deitutako manifestazioari.

Manifestuaren bultzatzaileak: Ramón Zallo (UPV-EHU). Petxo Idoiaga (UPV-EHU), Helena Franco (UPV-EHU), Pedro Ibarra (UPV-EHU), Ane Larrinaga (UPV-EHU), Iñaki Lasagabaster (UPV-EHU), Francisco Letamendia (UPV-EHU), Mila Amurrio (UPV-EHU), Txiki Muñoz (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB), Ana Pérez (STEILAS), Biktor Galarza (HIRU), Alazne Intxauspe (Etxalde), Txejo Ortega (ESK).